Abisu hori bikoitza egunotan

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 4a

Baso-sute arriskuagatik abisu horia indarrean izango da datozen bi egunotan, haizeagatik ere bai asteazkenean.

Baso-sute arriskuagatik abisu horia indarrean da gauerdiaz geroztik eta hala segiko du bi egunez, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik". Astearte honetan, azaroaren 4an, "baso-sute arriskua nahiko altua" izango da eta "altua" asteazkenean, aipatu meteorologia agentziaren arabera.

Asteazkenean, hilaren 5ean, gainera, haizeagatik ere abisu horian izango gara goizaldeko 6:00etan hasi eta gauerdira arte. "Hego/hego-ekialdeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki ekialdeko mendi inguruetan. Hego/hego-ekialdeko haize-boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke ekialdeko haizeguneak ez diren lekuetan, eta gainerako lekuetan 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", Euskalmet-en arabera.

Giro honekin, gaur, azaroaren 4an, Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin, batez ere arratsalde-gau partean. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Asteazkenean, hilaren 5ean, "zerua hodeitsu egongo da, egunaren amaieran euria egin lezake. Hego-haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Ostegunean, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak egingo ditu, batez ere egunaren bigarren partean. Mendebaldeko edo hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.