Horiz ageri zaigu zonalde hau asteazken honetan, azaroaren 5ean, Euskalmet meteorologia agentziaren mapan. Izan ere, kolore horretako hiru abisu izango dira indarrean egun osoz; bi haizeagatik eta hirugarrena, baso-sute arriskuagatik.
Atzotik dago indarrean baso-sute arriskuari lotutako abisu horia eta hala segiko du gaur gauerdira arte gutxienez. "Baso-sute arriskua altua da, hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.
Haizeagatik ere abisu horian izango gara gaur egun osoz, gaueko 00:00ak arte. Haizeguneetan hegoaldeko nahiz hego-ekialdeko 100 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan genitzake, "bereziki ekialdean eta bertan baliteke 110 km/h-ko abiadura gainditzea"; haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, 80-90 kilometro ordutik gorakoak.
Iragarpena
Giro honekin, gaur, azaroaren 5ean, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da, egunaren amaieran euria egin lezake. Hego-haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".
Ostegunean, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak egingo ditu, batez ere egunaren bigarren partean. Mendebaldeko edo hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.