Udalbatzaren osoko bilkura

%2,4 garestituko dira taxi tarifak 2026an

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 5a

Urtero moduan, taxi zerbitzua eskaintzen duten langileen sektoreak eta iaz sortutako Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuan diren udalek adostu dute urte berrirako igoera.

Urria hasierako osoko bilkuran 2026ko ordenantza fiskalak hasieraz onartu zituen udalbatzak. Hilabete amaieran eginiko osoko bilkuran, urte berrirako taxi zerbitzuari lotutako tarifekin gauza bera egin zuten. Gogoan izan, iaz, Usurbil, Beterri Buruntza, Donostia bera nahiz Oarsoaldea bere baitan hartzen duen Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua sortu zuten, "turismo ibilgailuen bidaiarien herri barruko edo herriarteko garraio publikoaren zerbitzua eskaintzeko". Ordutik, zonalde osoan prezio berak adosteko lanketan dihardute. 2026koak adosteko bilkura egin zuen eremu horri lotutako jarraipen batzordeak urriaren 14an. Taxi gidariak biltzen dituen sektoreak igoera proposamen handiagoa egin zuen arren, hurrengo urtean %2,4 igotzea adostu zuten udalekin.

2026ko tarifak
Lanegunetan 07:00-22:00 artean
1. tarifa. Gutxienekoa: 6,414243 euro.
1. tarifa. Egindako kilometroko: 0,900812 euro.
1. tarifa. Itxaronaldia orduko: 26,15302 euro.

Larunbat, igande eta jaiegunetan, eta lanegunetan 22:00-07:00 artean (5. tarifa aplikatu ezin denean)
2. tarifa. Gutxienekoa: 7,431496 euro.
2. tarifa. Egindako kilometroko: 1,397594 euro.
2. tarifa. Itxaronaldia orduko: 34,870693 euro.

Ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetan, 22:00-07:00 artean:
5. tarifa. Gutxienekoa: 7,447148 euro.
5. tarifa. Egindako kilometroko: 1,446511 euro.
5. tarifa. Itxaronaldia orduko: 36,091084 euro.