Kreditu aldaketa baten berri ere eman zuten osoko bilkura berean. Izan ere, 85.938,15 euroko txertaketa egin dute. Nagusiki Usurbilgo Udalak eta Aginagako Herri Kooperatibak lau urterako sinaturiko lankidetza hitzarmenari lotutakoa da. 72.678,15 euro bideratuko dira Aginaga biziberritzera bi partiden bidez; bat, Arrate ostatu eraberritura Garapen Ekonomikoko sailaren bidez, eta, bestalde, Eliza Zaharra Elkarguneko kultur programazioa dinamizatzera kultura sailetik. Udal gobernu taldetik iragan asteko osoko bilkuran azaldu zutenez, diru kopuru horren bidez, 2025eko udal aurrekontuetatik erantzungo zaio egitasmo horri urteko azken bi hilabeteotan nahiz 2026 osoan. Horrez gain, kirol ekitaldi zenbait finantzatu edota areagotutako komunikazio beharrei erantzuteko partidak dira kreditu aldaketa horrek bere baitan bildutakoak, 13.260 eurokoak dira beste bi partida horiek.
Diru kontuei lotutako xehetasun gehiago ere eskaini ziren urriaren 30eko udalbatzaren osoko bilkuran, udal kontuhartzailearen eskutik, hiruhilero egin ohi duen moduan. Besteak beste, fakturak ordaintzeko finkaturiko 30 eguneko epealdiaren baitan da Usurbilgo Udala. Bataz beste, 1,89 egunekoa da ordainketa horietarako behar izaten duen denbora. Bestalde, kreditu aldaketekin aurtengo udal aurrekontuak nola hazi diren ere jakinarazi zuen. Hasieraz onarturikoak 15,2 milioi euro pasatxokoak izan ziren. Kreditu aldaketekin jada 21,2 milioi euro pasatxoko udal aurrekontuak izatera igaro da herri hau. 22 milioi euro ingurukoekin agurtu dezake urte hau.