Dakizuenez, abuztuaren 27an sutea izan zen Oiardo kiroldegiko saunan. Konponketa lanei dagokienean bada albisterik. Izan ere, udal gobernu taldeak iragan asteko osoko bilkuran kaltetutako eremua bere onera ekarri eta berriz erabilgarri jartzeko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak aho batez. Erabakiaren xede nagusia da, konponketak ahal bezainbeste azkartzea. Kalteen balorazioa egiteko txostena asteotan jaso du Udalak. Suteak saunaren gainetik dauden instalakuntzak nahiz igerilekuak matxuratu zituen. 641.000 euroko kaltea izan da.
Udalarentzat lehentasunezkoa da Oiardo kiroldegia bere osotasunean irekitzea. Aseguruaren kalte ordainaren zenbatekoaren berri ez du jaso Udalak, azaroa amaiera aldera espero dute jakitea, horretarako hiru hilabeteko epealdia izaten baita; hortik aurrera, hala egin ez izanagatik kalte ordaina jaso beharko luke Udalak. Edonola ere, kaltetutako eremuak bere onera ekartzeak luze joko duenez, prozesua ahalik eta lasterren abiatzeko Udalak aurreztua duen dirua baliatuko da prozesu hori martxan jartzeko. "Halako ustekabe bati aurre egiteko gai da Udala, gainerako inbertsio, obra edota proiektuak kaltetu gabe", azaldu zuten udal gobernu taldetik iragan asteko osoko bilkuran. Onarturiko kreditu aldaketarekin, asmoa, "dena ondo bidean, urtebete pasatxoko" prozesua izango dela aurreikusia dute; exekuzio proiektua landu, lanak esleitu eta obrak egiteko denbora tartea 2026ko udazkenera arte luzatuko da gutxienez.
Udalbatzak aho batez hartutako erabakia asteazken honetan, azaroaren 5ean argitaratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Bihartik hasita, hamabost laneguneko epealdian jendaurrean izango da alegazioetarako. Denbora tarte hori igarota, alegaziorik ez balego, behin betiko onartutzat joko da aipatu erabakia.
Abonamenduen %25eko konpentsazioa 2026an
Urriaren 30eko udalbatzaren osoko bilkura amaitzear zela, gai-zerrendan aurreikusitako gaiak jorratu ostean, tartean, Oiardo kiroldegiaren suteari lotuta lerrootan mintzagai izan duguna, galdera eta eskaeren atalean EAJ-k galdetu zuen ea zerbitzuon itxieraren truke bonifikazioren bat edo bestelako onuraren bat jasoko zuten erabiltzaileek.
Udal gobernu taldetik argitu dutenez, "udalaren ordenantza fiskalek ez dute ahalbidetzen jada ordaindutako kuoten itzulketarik egitea". Horregatik, iragarri dutenez, "2026ko kuota ordaintzea egokitzen denean %25eko konpentsazioa egingo zaie bazkide guztiei". Horrez gain, urriaren 30eko udalbatzaren osoko bilkuran gogorarazi zuten moduan, "Oiardo kiroldegiko abonamenduak eskubidea ematen die bazkideei Usurbilgo kiroldegia ez ezik Beterri Buruntzako eta Mugiment txartelaren sareko kiroldegiak erabiltzeko".
EAJ: "Kiroldegiko erabiltzaileak konpentsatzea lortu da"
EAJ-PNVk urriaren 30eko plenoan egindako proposamena "gobernu taldeak begi onez ikusi bazuen ere, neurriaren bideragarritasun teknikariekin aztertu ondoren, gaur bertan (azaroak 3) etorri zaigu baiezko erantzuna. Pozik gaude egindako eskaera entzun, aztertu eta inplementatu delako. Kiroldegiko erabiltzaileei behin behineko egoera honetan konpentsatzea lortu baita".