Etxeko Laguntza Zerbitzua eskaintzen jarraitzeko, Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin indarrean duen lankidetza hitzarmena beste urtebetez luzatzea onartu zuen udalbatzak aho batez iragan asteko osoko bilkuran, 2026ko irailaren 30era arte hain zuzen. Luzapena orain arteko "termino berdinetan" egingo da. Udal gobernu taldetik gogorarazi zutenez, zerbitzu horren berrantolaketa lan betean dira, asmo bikoitzarekin; batetik, zerbitzua hobetzeko, pertsona ardatz duen eredura ekartzeko, eta, bestalde, zaintzaileen lan-baldintzak duintzen ahalegintzeko.
Horretarako, finantzaketa handitu beharra du Udalak. Zerbitzu horrek duen garrantzia udal aurrekontuetan nabarmenduko dela gogorarazi zuten udal gobernu taldetik. Horren harira hain zuzen, hausnarketarako deia egin zuen Usurbilgo alkateak, "gogoetarako mahaia irekitzea", zerbitzu horren finantzaketaren inguruan, aipatu zerbitzuaren "eraldaketa jasangarria den edo ez udalontzat" gogoetatzeko. Agurtzane Solaberrietak argitu zuenez, eraldaketa hori eta zerbitzu egonkor bat izateko "dirulaguntza bidez soilik ezin da egin". Herritarrek eskatu bezala, "etxeetan bizitzera begirako zerbitzua eskaini nahi bada, etxez etxeko zerbitzuan jarri behar da indarra".