20 urte bete ditu Sutegik

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 5a

20 urte bete ditu Sutegik eta baita bertako udal liburutegiak ere. Tartetxo bat egingo diote urteurrenari, udazkenerako ekitaldi eskaintzaren baitan, azaroaren 7rako antolatu dute emanaldiarekin. Hamarkada hauei buruz aritu dira solasean hedabide honekin bertako langile Bakartxo Iguaran eta Breogan Estevez.

"Edozein aitzakia ona dugu liburutegia plazaratzeko", adierazi digute Sutegiko liburuzain Bakartxo Iguaranek eta Breogan Estevezek. Asteazken honetan, azaroaren 5ean, 20 urte bete ditu Sutegi udal liburutegiak. Urtemuga etzirako antolaturiko emanaldiarekin ospatu asmo dute. Hilaren 7an, Susana Cencillo soinujolearen eta Irun Saria irabazi berri duen Garazi Kamioren emakumeen bizipenei lotutako idatzizko sorkuntza ardatz duen “Konpasetan: bidaia intimo bat emakumeen historian zehar” ikuskizuna antolatu dute 19:00etan.

20 urte baino gehiago
Urtemugaren aitzakian, denboran atzera egin nahi izan dugu ofizioa biziki gustuko duten Sutegiko bi langile nekaezin hauen eskutik eta, noski, udal zerbitzu honek ibilbide askoz luzeagoa duela gogorarazi digute. Izan ere, liburutegiak duen hirugarren espazioa da Sutegikoa. "Udaletxeko hirugarren pisuan udal langile batek zaindutako liburutegia omen zegoen. Gero, jaitsi zuten gaur egun harrera dagoen gunera. Ni han hasi nintzen 2001ean lanean", oroitarazi digu Iguaranek. 2005ean egin zuten Sutegirako leku aldaketa. Bi motibok eragin omen zuten egun duen espazio handiagorako jauzia. Batetik, "udaletxeak espazio hura behar zuen eta, bestalde, liburutegia modernizatu nahi zen, leku gehiago eman". Udaletxetik Sutegirako leku aldaketa, mudantza lanak oso gogorrak izan zirela oroitzen du Iguaranek. Batetik, material guztia kaxetan sailkatu eta udal brigadaren bidelaguntza izandako leku aldaketa egin behar zuten. Oso garrantzitsua, "kaxak ezin dira nahastu, hala gertatzen bada, bestela ezin apaletan jarri", Estevezek azaldu duenez. "Hemen, espazioa antolatu berrantolatu behar zen, gainera".

Tarte horretan, etena izan zen zerbitzuan. Ondorioz, Lasartera joan behar izan zuten herrikideek liburu bila. "Sei hilabete egon zen liburutegia itxita. Jendea Lasartera joaten zen. Jende askok du hango bazkidetza garai hartan egin zutelako".

"Maileguak bikoiztu ziren berehala"
Jauzi handitzat jo dute Sutegirako leku aldaketa. Hasteko, herri erdigunera ekarri zuten liburutegia, espazio handiagora. Adin tarte nahiz erabilera ezberdinetarako espazio ezberdinduetan hasi ziren eskaintzen aipatu udal zerbitzua. Zenbakitan, berehala hazi zen udal liburutegia.

"Etorri ginen mailegu kopuru batekin, hori bikoiztu zen berehala eta mantentzen da bikoizketa hori". Horrekin batera, "Sutegirekin batera etorri zen wifia, ikus-entzunezkoak. Urte beretsuetan sarean lan egiten hasi ginen liburutegiak" eta horrekin, txartel eta katalogo bakarra heldu ziren. Hazkuntza prozesu hartan, Bakartxok gogoratu digunez, "hasiera hartan bakarrik nengoen lanean. Beheko solairuan ez zen hainbeste ekitaldi izaten orain bezala eta etxe handi honetan bakarrik egotearen sentsazio handiaren oroitzapena dut".

Garai hartan, astean zehar, arratsaldetan irekitzen zuten liburutegia, goizetan asteazkenetan soilik eta larunbatetan bi astean behin. "Jendeak ez zekien ze larunbatean zegoen zabalik. Sutegin egonda, goizero irekitzeko apustua egin zen. Nire lanaldiarekin ez zen aski eta bi langile izatera igaro ginen". Ordutik, aldaketak egon arren, lantaldeari eutsi diote gaur arte. Lankide berriena, Breogan Estevez da.

Urria amaieran bete ditu lau urte Sutegin lanean. "Hasiera errazagoa izan dut. Jada dena bere lekuan jarrita, komunitatea sortuta zegoela heldu nintzen. Unibertsitatetik nentorren, han ere hiru aldiz aldatu ginen liburutegiz. Unibertsitatean jada ez zitzaion liburuari garrantzia ematen, beste moduko liburutegiak dira. Aldiz, liburutegiak niretzat, pertsonak eta liburuak erdigunean izan behar ditu. Hemen hori dena eginda aurkitu nuen".

Komunitatea
Besteak beste, urteotan ehundutako komunitatea eraikia aurkitu zuen. Urteotan egindako bidea gogorarazi digute. "Eboluzio hau ez da gurea izan, orohar, liburutegi publikoetan eman da ibilbide hori eta guk bat egin dugu ibilbide horrekin. Liburutegiok prestigioa hartzen joan gara", nabarmendu du Iguaranek. Izan ere, oroitu digunez, "garai bateko liburutegietako giroa isila zen. Bazirudien jakintsuentzako edo ikasleentzako lekua zela.

Jendea estuasunez sartzen zen liburutegietan. Urteotan, ordea, liburutegiok ateak zabaldu ditugu. Zerbitzua asko zabaldu da, askorengana. Arlo ezberdinetako jendearengana iristen, denentzako eskaintza izaten saiatzen gara, ateak irekita izatea".

Liburutegia, eroso sentiarazteko lekua izatea sustatzen dute egunerokoan, babesgunea izatea. "Egungo gizartean, komunitatea sortzearen ideiak horretan datza; leku bat izatea, non eroso sentituko zaren, zure espazioa duzun eta doan, ez daude halako toki asko, topagune bat azken finean denontzat. Kalean bizi denarentzat, pasaeran dagoenarentzat, mugikorraren bateria kargatzera edota egunkari bat irakurtzera datorrenarentzat aterpe edo babesgunea izatea". Eta liburuzainak ez izatea soilik, liburuak mailegatzeko bitartekoak.

"Gure mostradorea da leku bat jendeak bere kontuak kontatzen dituena, elkar entzuten duguna" eta ondorioz, "harreman estuak egiten dira", liburuak aholkatzeaz gain.

Liburuekin batera, DVD-ak, CD-ak ere eskuragarri dituzte, baina geroz eta gutxiago mailegatzen dira, egun dauden plataforma berrien eraginez. Alor honetan, urteotan emandako aldaketen harira nabarmendu dutenez, "ikus-entzunezkoen garai honetan, liburuak ardatz izaten saiatzen gara".

Horrez gain, urte osorako antolatzen duten ekintza eskaintza oparoa dute ere; azken urteotan mangara edo xakera ere hedatu dutena. "Denen zaletasunen arteko oreka bilatzen saiatzen gara", ahal duten gehienengana heltzeko.

Solasaldien arrastoa
Pantailen artean bizi garen honetan, horietatik burua altxatzeko alternatiba ederra eskaintzen segitzen dute 20 urteren ostean. "Solasaldietan kalitatezko liburuak baina publiko zabalari heltzeko modukoak izaten ahalegintzen gara". Besteak beste, haurrei zuzendurikoak izaten dira saiook. Urteen poderioz, "harrobi horrekin DBHraino heldu gara eta konturatu gara nola irakurle kritikoagoak diren. Urteetako solasaldiek bere arrastoa utzi dute". Arreta gunea jarrita izaten dute gazteengan.

Bada tarte bat, haien esanetan, liburutegitik ihes egiten dutena, "baina sumatzen duzu gero bueltan etortzen direla". Horien zainketa ere lehentasuntzat dute. "Gazte batzuk bueltan datoz, adibidez, udan, pantaila utzi nahi dutela esanez eta gomendio eske. Pozgarria da nahiz eta ardura sentitzen den".

Elkarlanak ekarri ditu honaino, bidelagunen sareak; sortzaileekin, erabiltzaileekin eta herri eragileekin izandako lankidetzak. "Talde ona osatzen dugu denon artean eta hala lan egitea askoz errazagoa da. Denok gaude gehitzeko". Urteotako hainbat bidelagun goraipatu nahi dituzte lerron bidez; Marian Altuna urte luzez liburutegiko arduraduna izandakoa eta Sutegin bi hamarkada hauetan lanean aritutako Arantxa Lopez, Amaia Miner eta Irantzu Elortza. "Arrastoa utzi dute liburutegian", goraipatu dute Bakartxok eta Breoganek.

Horri guztiari esker, "liburutegia demokratizatu eta komunitatea sortzen doa azkenean". Guk denok lelo hau argi izatea nahi dute; behar dugunerako, "liburutegia presente izatea herrian". 25. urtemugara begira liburutegiak zer galdu ez lukeen galdetu diegu. "Liburua ardatz, jendearekiko gertutasuna eta jendea eroso sentiaraztea. Edozer duela ere liburutegira etortzea".