2026ko udal aurrekontuen aurkezpen saio gehiago gaur

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 6a

2026ko udal aurrekontu proposamena aurkezteko Usurbilgo herri eta auzoetan EHBilduren udal gobernu taldeak deitutako beste bi bilera gehiago izango dira ostegun honetan.

EHBilduren udal gobernu taldeak landutako aurrekontu proposamena aurkezten hasiak dira Usurbilgo auzo eta herrietan. Asteazken honetan, Aginagako Eliza Zaharrean, Santueneako frontoi ondoko lokalean eta albiste honi atxikitako irudiak erakutsi moduan, Kalezarko Pelaioenean egin dituzte lehen bilerak tokian tokiko herrikideekin.

Bilera erronda horrek ostegun honetan, azaroaren 6an izango du segida, Atxegalden eta Txokoalden. Guztira, zortzi aurkezpen saio antolatu dituzte atzo hasi eta hilaren 12ra arte.

Hitzordu horietan aipatu aurrekontuon berri emateaz gain, "tokian tokiko gaiez hitz egiteko ere baliatuko dira", aurreratu dutenez. Saio horiekin batera, "oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko".

Usurbilgo EHBilduren udal gobernu taldetik jakinarazi dutenez, urte berriko egitasmoak bideratzea ahalbideratuko duten aurrekontuen egitasmoa, azaroaren 27an egingo den udalbatzaren osoko bilkuran hasieraz onartu asmo dute, "hala, abenduan jendaurrean jarri, eta 2026 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen".


2026ko udal aurrekontuei lotutako bilera sorta
Azaroak 6, osteguna
18:00 Txokoalde (Txokoargin) eta Atxegalde (Bustinzulon).

Azaroak 11, asteartea
18:00 Zubieta (Kaxkapen) eta Etxealdia (Potxoenean).

Azaroak 12, asteazkena
18:00 Kaxkoa (Potxoenean).

Deitzailea: udal gobernu taldea.