Euskararen etorkizuna jokoan dago eta horregatik, euskaltzaleon garaia heldu dela diote, euskara larrialdi egoeratik atera eta pizkunde berri bati hasiera emateko. Horretarako, abenduaren 27an 17:00etan Bilbao Arenan ekitaldi jendetsua antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Hitzordu horri begira adierazpena kaleratu du aipatu bilguneak, euskalgintzako eragile hainbaten ordezkari eta erreferentziazko euskaltzale gehiagorekin batera egunotan Arantzazun.
Segidan duzue adierazpena osorik. Testuak hain zuzen, abenduaren 27ko hitzordura begira dioenez, "euskaltzaleen eskutik etorri dira pizkunde zikloak. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz. Euskaltzaleon garaia da!". Pizkunde berri baten "lehen txinparta" izatea nahi dute Bilbao Arenako ekitaldi handia, euskarak behar du eta gogorarazi dutenez. Euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarri beharra aldarrikatzen du adierazpenak, baita Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna edota "hizkuntza-politika anbiziotsu eta sendoak" izateko beharra. Ezinbestekoak horiek guztiak, euskara larrialdi linguistikotik ateratzeko. Horregatik nabarmendu dute, honako hau euskaltzaleon garaia dela.
Horregatik, abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin dute: pizkundea.eus atarian eskura ditzakezue abenduaren 27ko ekitaldirako sarrerak baita xehetasun gehiago ere. "Milaka euskaltzale batuko dituen ekitaldia izango da. Kultur kutsuko ekitaldia, hitzartzeak eta musika uztartuko dituena. Ekitaldiaren helburua euskaltzaletasunaren giharra indartzea da", Euskalgintzaren Kontseiluaren esanetan. 
