24. Korrikari lotutako lehen iragarpena egin dute antolatzaileek

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 8a

2026an egingo den 24. Korrikari lotutako lehen data iragarri dute antolatzaileek sare sozialen bidez; azaroaren 13a.

Bihotz taupada hotsen eta taupada hauen erritmora mugitzen den irudiarekin, 24. Korrika badatorrela iragartzen hasiak dira antolatzaileak sare sozialen bidez. Sei segunduko bideo labur batean, milaka euskaltzale Euskal Herri luze zabalean hamaika egunez lasterka jartzen dituen ekimen jendetsuenari lotutako lehen data garrantzitsua iragartzen hasi dira; azaroaren 13a.

Ez dute bestelako pistarik eman; azaroaren 13a, datorren osteguna, horixe zehaztu duten kontu bakarra.

Argi dena da, agurtzear dugun 2025a Euskaraldiaren urtea izan ondotik, Korrikaren txanda izango dela 2026a. Datorrena, 24. edizioa izango da. Duela 44 urte abiarazi zuten ekimena. 2.700 kilometroko ibilbideak osatu izan ditu euskararen aldeko lasterketa nazionalak, Euskal Herriko 205 bat herri.

Datorrena noiz hasi eta amaituko den, eta, noski, udalerri hau ze egun eta ordutan zeharkatuko duen hurrengo hilabeteotan jakingo dugu. Momentuz, antolatzaileek azaroaren 13ko data baino ez dute aurreratu eta atzerako kontaketa abian dela; badatorrela 24. Korrika 2026an.