Hunkidura handiz oroitu dute Julen Lejardi Araolaza, bere heriotzaren bigarren urtemugan

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 8a

Usurbil Kirol Elkarteak duela bi urte zendutako gazte usurbildarra oroitu du Oiardo kiroldegian larunbat arratsalde honetan, senior mutilen partida hasi aurretik.

Ezohiko larunbata gaurkoa Oiardo kiroldegian. Asteburua ohikoa, eskubaloi taldeen 2025-26 denboraldiko beste jardunaldi bat jokatzeko eguna zuten herriko taldeek; tartean, iaz igoera lortu eta aurten lehen nazional mailan jokatzen ari den senior mutilen taldeak. Usurbil Kirol Elkartearen talde honen asteburuko neurketa hau hain zuzen, talde horrek izandako entrenatzaile usurbildar Xabat Beloki Segurolak zuzendutako Zumaiako Pulpo EK-rekin jokatu behar zuen.

Partida hasi aurretik, ordea, emozio handiko unea bizi izan da. Bi taldeetako jokalariak aurkeztu ostean, asteburuko kirol pistako ohiko dinamika eten eta Usurbil Kirol Elkarteko kide bat oroitzeko tartea hartu dute, une horretan partida hastekoa zuten jokalari, entrenatzaile edota klubek, baita Oiardo kiroldegira neurketa ikustera joandakoek ere.

Izan ere, omenaldi xumea baino hunkidura handikoa egin diote Julen Lejardi Araolazari. Istripuz zendu zenetik bi urte bete dira jada. Bigarren urtemuga honetan ere, Usurbil Kirol Elkarteko kidea oso bizirik eta gogoan dutela adierazi nahi izan diote txalo artean hartu dituzten senideekin batera.

Herriko dantzariek aurreskua dantzatu eta Usurbil K.E.-ko jokalari eta Julenen lagunen eskutik, lore sorta ederra eta Lejardik biziki estimatzen zuen eskubaloiko neurketa batean ateratako argazkia jaso dituzte anaiak eta gurasoek, eskubaloi taldeen bilgunetik gogorarazi moduan, "Kirol Elkarteari eta herri osoari eskaini zion guztiagatik".

Omenaldi unean ziren guztien txalo zaparrada handi batekin berotasun handia jaso dute Julenen anaiak eta gurasoek.