Zuberoako ikastolak laguntzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 8a

Hogei urtetik gorako elkartasun lankidetzak ez du etenik. Nafartarrak taldearen eskutik, berriz ere bueltan dakarkigute Zuberoako ikastolak laguntzeko otarren aurtengo kanpaina.

Gogoan izan, 2003. urteaz geroztik "Zuberoako Ikastoletako guraso eta Euskal Herriko hainbat gunetako laguntzaileek, eguberriz, tokiko ekoizle ttikien ekoizpenez osaturiko saski salmenta" bideratzen dute, bi helbururekin; batetik, Zuberoako ikastolak laguntzeko eta, bigarrenik, Zuberoako ekoizpenak ezagutarazi eta dastarazteko.

Ezinbestekoa dute guztion laguntza eta elkartasuna. Izan ere, "Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza guttiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen. Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaigu".

Eskaerak NOAUA! Kultur Elkartean bideratu ahalko dituzue nahiz ikaskoli.eus atariaren bidez. Eskabideak telematikoki egiten dituztenek banaketa gunean Usurbil zehaztu beharko dute. Eskatutako otarrak, urtero moduan, Nafartarrak taldeak NOAUA! K.E.-k abenduaren 14an antolaturiko San Tomas Azokan izango duten postuan jaso ahalko dira.

Hiru saski
Arbaila
Produktuak: eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi ardi gazta, bixkotx gatzatuak, erreximenta, pastak eta tisana.
Prezioa: 57 euro.

Basabürua
Produktuak: lukainka idorra, fusilli pasta xuriak, patea, eztia, piper ezti ozpinan, sagar jüsa, gasna biologikoa.
Prezioa: 70 euro.

Pettara
Produktuak: ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx sukratuak eta pastak.
Prezioa: 52 euro.

Informazio gehiagorako: ikaskoli.eus