Heriotzari beharrezko eta merezitako lekua egin diote larunbat honetan, azaroaren 8an Sutegin. 9. Bizipoza jardunaldia egin dute bertan. Sutegi goraino bete du hitzorduak. Bazen jakinmina, denok biziko dugun esperientziaz jarduteko beharra. Heriotzaren pedagogia izan dute mintzagai, egin zezaketen goxotasunik handienean. Beldurretik maitasunera igarotzeko bidean, mugarri ederra jarri dute gaurkoan Sutegin.
Ikastetxeak alor honetan izandako bizipen gogorrak, izan ikasle, langile edota senideen heriotzak jazotakoan bizi izandakoa partekatu eta hortik aurrera eginiko lanketen berri eman dute, nola heriotza bera txertatzen joan diren haien eguneroko jardunean, nola heriotzaren pedagogia sustatzen ari diren haur eta gazteen, haien familien eta langileen artean.
Hunkidura handiko uneak bizi izan dira, oroitzapen gogorrak partekatu dira baina goxotasun handienarekin. Hitza jarri zaio heriotzari, heriotzak eragindako doluari, minari, baina une oro zaintza handienetik eta batez ere bizipozetik, heriotza bizitzaren parte dela barneratzen joateak eragindako bizipozetik. Lehen lerrora ekarri dute, oraindik orain hein handi batean tabua izaten segitzen duen gaia. Isiltasuna apurtzen joatearen beharra utzi dute agerian eta horretarako, baliabideak falta direla gogorarazi dute.
Zenbait ikastetxeetako komunitateetako ordezkarirekin batera, Bizipozak bere baitan hainbat elkarte biltzen ditu eta haietako hainbatek ere hartu dute hitza gaurkoan Sutegin. Heriotzarekin duten lotura, bizipenak partekatu dituzte. Esperientziak askotarikoak izan arren, denen ahotan, gaiari hitza jartzeko beharra agerian utzi dute eta heriotza normaltzen joateko baliabide falta ere bai.
Jardunaldian zehar, frontoian ateratako talde argazkia duzue albiste honi atxikia. Xehetasun gehiago egunotan emango dizkizuegu. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bestalde, jardunaldia osorik grabatu dutenez, ikus-entzunezkoa laster zintzilikatuko dute sarean.
9. Bizipoza Jardunaldia
Zehaztasunak: "Heriotzaren pedagogia: begirada berri bat beldurretik maitasunera".
Egitaraua:
-Heriotzaren pedagogia ikastetxeetan eta gurasoen esperientziak: Allende Salazar, Gernikako herri eskola; Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxea; Añorgako Amassorrain ikastola eta Antzuolako Eskolako gurasoen esperientzia.
-Hamaiketakoa.
-"Heriotzaren pedagogiak zertan lagundu dezake elkarteetan?" mahaingurua: ASPANOGI, Iñurri, Naizen eta Txatxilipurdi.
Informazio gehiago: bizipoza.eus
Antolatzailea: Bizipoza Elkartea.