Bizkarreko skate parkeko obren eremua kaltetu dute

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 10a

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Hondeamakina kaltetu dute asteburuan. Udal gobernuak gertatutakoa gaitzetsi du.

Antza, ez da halakorik gertatzen den lehen aldia. Bizkarreko skate parkean egiten ari diren lanetan kalteez ari gara. Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, asteburuan bertan zegoen hondeamakina kaltetu dute, haiek helarazitako albiste honi atxikitako argazkian ikus daitekeen moduan. "Hondeamakinaren kristalak erabat apurtuta agertu dira, astelehen goizean", azaldu dute.

Aurreko astean ere, "gorabeheraren bat izan zen eremu berean", gaineratu dute. Testuinguru horretan, "udal-gobernuak gertatutakoa gaitzetsi du, halako jarrerek Usurbilen lekurik ez dutela gogoraraztearekin batera".

Gogoan izan, urriaren 21az geroztik Bizkarreko skate parkea eraberritzeko lanetan ari da Udala. "Zut Skateparks enpresari esleitu zitzaizkion skate parkeko lanak; kaltetutako hondeamakina hark alokatua da".

135.671,15 euroko (BEZ barne) inbertsioa bideratzea aurreikusia du udal gobernu taldeak eraberritze lanotara. Urriaren 21az geroztik hasitako lanek 12 bat aste irautea aurreikusia dute. Halere, tarte horretan parkeak zabalik segiko du, "obren eremua hesituta egongo baita", Udaletik argitu dutenez.

Eraberritze lanok Legealdiko Planean jasoak ditu udal gobernu taldeak, "kirol ekipamenduen mantentze lan prebentiboen eta inbertsioen plan bat diseinatzeko neurriaren barruan. Skate parkearen eraberritzeko proiektua, gainera, zenbait erabiltzaileren ekarpenekin osatu zuen udalak".