Dagoeneko Aginagako Eliza Zaharrean, Kalezarko Pelaioenean, Santueneko frontoi ondoko lokalean, Txokoaldeko Txokoargi elkartearen egoitzan edota Atxegalden Bustinzulo elkarteak baliatzen duen lokalean aurkeztu du EHBilduren udal gobernu taldeak, azkenaldian landutako 2026rako udal aurrekontuen proposamena.
Azaroaren 5etik 12ra iragarritako zortzi saioko bilera zikloa egunotan borobilduko dute. Hasteko, gaur, azaroaren 11n, Zubietako eta Etxealdiako bizilagunekin bildu nahi dute, asteazkenean herri erdiguneko azken bilera egin aurretik.
Hitzordu horietan aipatu aurrekontuon berri emateaz gain, "tokian tokiko gaiez hitz egiteko ere baliatuko dira", aurreratu dutenez. Saio horiekin batera, "oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko".
Usurbilgo EHBilduren udal gobernu taldetik jakinarazi dutenez, urte berriko egitasmoak bideratzea ahalbideratuko duten aurrekontuen egitasmoa, azaroaren 27an egingo den udalbatzaren osoko bilkuran hasieraz onartu asmo dute, "hala, abenduan jendaurrean jarri, eta 2026 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen".
2026ko udal aurrekontuei lotutako bilera sorta
Azaroak 11, asteartea
18:00 Zubieta (Kaxkapen) eta Etxealdia (Potxoenean).
Azaroak 12, asteazkena
18:00 Kaxkoa (Potxoenean).
Deitzailea: udal gobernu taldea.