Giro epela izango dugu egunotan, baina haizea bizi ibiliko da hurrengo orduotan. Ondorioz, astearte eta asteazken honetan, azaroaren 11n eta 12an hurrenez hurren, baso-sute arriskuagatik abisu horia indarrean izango da. "Baso-sute arriskua altua da Kantauri isurialdean hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Horrekin batera, gaur gauerditik aurrera haizeagatik ere abisu horian izango gara. Haizeguneetan gauerdian hasi eta asteazkenean egun osoz, "hego/hego-ekialdeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete mendi inguruetan. Kostaldean, haize-boladek 60-90 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki ekialdean".
Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, 6:00-12:00 artean eta 18:00etan hasita gauerdira arte, 80 kilometro ordutik gorako boladak izan ditzakegu, "bereziki ekialdean".
Egunotarako iragarpena
Gainerakoan egun eguzkitsuak datozkigu, Euskalmet-en iragarpenaren arabera. Astearte honetan, azaroaren 11n Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitsu egongo da erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hego-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta arratsalde-gauean oso gogor batzuekin. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".
Asteazkenean, hilaren 12an, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitsu egongo da erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hego/hego-ekialdeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Ostegunean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.