Iñurri elkartearen hitzaldi-solasaldia
Asteazken honetan, azaroaren 12an izango da arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Ikerkuntza sistemak nola funtzionatzen duen ulertzen" izena du saioak. Gaztelaniaz eskainiko du Cristina Eguizabal Argaizek (Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Terapia Aurreratuen Unitateko Koordinatzailea. ISS BioBizkaia). “Gizarte osora bideratuta dago, osasun arloan lan egin edo ez, minbizia eduki edo ez". Iñurri elkarteak antolaturiko hitzordurako sarrera doakoa izango da. Informazio gehiago jaso nahiz izena emateko izaninurri.eus atarira jo dezakezue.
NOAUA! K.E.-ren jardunaldia
"Zer irizpide hartu behar dira kontuan idatzizko komunikazioan? Zein da argazkiei eman beharreko tratamendu egokia? Nola eman lehentasuna euskarari, beste hizkuntzak hitz egiten dituzten pertsonei informazioa erraztuz eta hizkuntzaren inguruan sortzen diren gatazkak ekidinez? Zein tresna edo estrategia erabil ditzakegu? Posible al da sare sozialak modu "osasungarriagoan" erabiltzea?" hizpide hauen bueltan, "Adi entzun, gozo idatzi" jardunaldia antolatu du NOAUA! Kultur Elkarteak azaroaren 19an, 18:00etan Potxoenean.
"Usurbilen gazteekin harreman zuzena daukaten gurasoei eta hezitzaileei zuzenduta, kirol, aisialdi, kultur eta bestelako taldeetan sortzen diren komunikazio beharren inguruan hausnartu eta praktikak trukatu nahi ditugu. Horretarako, lehenengo, aditu baten hitzaldia entzungo dugu eta, ondoren, Usurbilgo hainbat eragileren esperientziak ezagutuz, mahaingurua egingo dugu".
Emakumeon Etxea
"Familia eredu berriak eta legedi zaharra, nola uztartzen da hau?" izeneko hitzaldia antolatu du azaroaren 20an, 17:30etan Usurbilgo Emakumeon Etxeak Kalezarko Pelaioenean. "Ezkontza zaharkituta dago? Modernoagoa da ez ezkontzea? Nola antolatu dezaket elkarbizitza? Zein eragin izango du honek etorkizunean? Ezkontza, izatezko bikotea edo bestelako tresnak zein aukera eskaintzen dizkigute eta zein desberdintasun daude beren artean? Dibortziatzen banaiz zein eskubide ditut?" galdera hauen bueltan jardungo du Irule Abokatuak taldeak.
Informazio gehiago:
Kalezarko Pelaioenean: astelehenetik ostiralera, 10:00-13:00 artean. Astearte eta ostegunetan, 17:00-20:00 artean ere bai.
943 377 112
emakumeonetxea@usurbil.eus
Nafartarrak taldekoen zikloa
"Euskal erreferentziak eta kontakizun espainiarra" hamabostaldi kulturala antolatu du Nafartarrak taldeak hitzorduokin:
Azaroak 17, astelehena
19:00 Hitzaldia Potxoenean: "Euskalduntze berantiarra eta beste ipuin batzuk".
Hizlaria: Juan Martin Elexpuru.
Azaroak 18, asteartea
19:00 Hitzaldia Potxoenean: "Ipuscua 1000 urte, Belmonte de Usurbil 650 urte".
Hizlariak: Patxi Olabarria eta Iñaki Idigoras.
Azaroak 21, ostirala
19:00 Asisko Urmenetaren "Sorgina banaiz" dokumentala eta solasaldia Sutegin.
Azaroak 24, astelehena
18:30 Xoxe Estévezen “Orígenes del nacionalismo en Euskal Herria (1893-1923)” liburuaren aurkezpena egilearen eskutik Sutegi udal liburutegian.
Aurkezlea: Breogán Estévez Goñi.
Hizkuntza: elebitan.
Antolatzaileak: Nafartarrak taldea.
Usurbil 1936
Franco hil zela 50 urte beteko dira azaroaren 20an. Urtemuga horren harira hitzorduok antolatu ditu Usurbil 1936 elkarteak:
Azaroak 20, osteguna
18:30 Hitzaldia Sutegin: "50 urte Francorik gabe, 50 urte demokrazian?"
Hizlaria: Josu Txueka.
Zehaztasunak: "Franco duela 50 urte desagertu zen. Baina frankismoa berarekin bukatu al zen? "Demokrazia" deiturikoaren ezarpena ez zen automatikoa izan. Borroka asko, zaurituak, hildakoak, sekulako errepresioa izan zen. Hain zuzen, benetako demokrazia ekarri al zuten batzuek "eredugarritzat" jotzen duten "trantsizio" hark?".
Antolatzailea: Usurbil 1936 elkartea.
Treba Gurasoak
"Gure emozioak kudeatzen, seme-alaben bidelagun izateko” izeneko hitzaldia antolatu dute Udarregi ikastolako Hitz Aho Guraso Elkarteak, Gaztelekuak, Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Treba Gurasoak egitasmoaren testuinguruan. Foru Aldundiak sustaturiko proiektuak “gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu”.
Saioa abenduaren 1ean izango da, 17:30etan Potxoenean. Izena doan eman ahalko da usurbilkultura.eus plataformaren bidez. Plaza-kopurua mugatua izango dela ohartarazi dute antolatzaileek. “Historikoki eta belaunaldi batzuetan emozioak ezkutatu izan dira. Guraso askok ez dute gai honen inguruko eredu osasungarririk jaso, eta berebiziko garrantzia du horri leku bat egiteak”. Horretara bideratuko dute hilaren 28ko saioa. “Landuko diren edukiak eta gaitasunak: Emozioak ulertzen. Zer dira emozioak? Eta sentimenduak?/ Zer informazio ematen digute? Zertarako balio dute? Ze onura dakartzate?/Emozioak kudeatzeko gakoak. Pausoz pauso./Baliabide praktikoak adimen emozionala garatzeko eta seme-alaben bidelagun osasungarriak izateko".