Abisu horian gaur haizeagatik eta baso-sute arriskuagatik

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 12a

Abisu horian izango gara asteazken honetan, azaroaren 12an, haizeagatik eta baso-sute arriskuagatik. Abisuok ostegunera arte luzatu dituzte.

Zenbait abisu hori indarrean izango dira egunotan, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Batetik, baso-sute arriskuagatik kolore horretako abisuaren eraginpean joango zaigu asteazken eta ostegun hau, azaroaren 12a eta 13a hurrenez hurren. "Baso-sute arriskua altua da Kantauri isurialdean hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Bestalde, haizeagatik ere abisu horian izango gara bi egunotan. Haizeguneetan 100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu mendi inguruetan; 60-90 artekoak hortik kanpo. Haizeguneak ez diren tokietan, asteazken eguerdiko 12:00ak arte, gero, arratsaldeko 18:00etan hasi eta ostegun goizeko 10:00ak arte, nahiz ostegun arratsaldeko 20:00etatik gauerdira, 80 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu.

Egunotarako iragarpena
Honenbestez, Euskalmet-en arabera gaur, azaroaren 12an, Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitsu egongo da erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hego/hego-ekialdeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Ostegunean, hilaren 13an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Ostiralean, hilaren 14an, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogor batzuekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.