Zuzenean

24. Korrikari buruzko lehen xehetasunak ezagutuko ditugu gaur

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 13a

2026ko 24. Korrikari lotutako lehen aurkezpena egingo du AEK, ostegun eguerdi honetan. Albiste honi atxikitako bideoaren bidez, zuzenean eskainiko du ekitaldi osoa.

Badator 24. Korrika! Agurtzear dugun urte hau, Euskaraldiari eskainitakoa izan ostean, Korrikarena izango da 2026a. Bidean dator, beraz, duela 44 urtetik Euskal Herriko 205 bat herri zeharkatu ohi dituen 2.700 bat kilometroko euskararen aldeko lasterketa jendetsuena.

Iragan astetik iragartzen aritu ostean, heldu da eguna; ostegun honetan, azaroaren 13an, aurkeztuko ditu AEK-k ekimen honi buruzko lehen xehetasunak. "Ez galdu xehetasunik... zerbait handia dator!", aurreratu dute egunotan. Azken orduotan, zehatzago adierazi dute, gaurkoan zer den ezagutzera emango dutena. "Hasiera eta amaiera, omendua, mezua, spota, irudia eta leloa zeintzuk izango diren jakingo duzue!". Ez da gutxi, beraz, gaurkoan ezagutaraziko dutena.

Antolatzaileen agerraldia eguerdiko 12:00etan izango da. Nahi izanez gero, zuzenean ikusi ahal izango duzue AEK-ren eskutik, albiste honi atxikitako bideoaren bidez. Bideotatik ere ikusi ahal izango duzue: Webgunea: korrika.eus
Instagram: @aek_korrika