Atzo bezalaxe, haizeagatik nahiz baso-sute arriskuagatik abisu horian segiko dugu ostegun honetan, azaroaren 13an. Batetik, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, egun osoz baso-sutea arriskuari lotutako abisu horian izango gara. Izan ere, "baso-sute arriskua altua da hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.
Bestalde, gaur ere, 100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu mendi inguruetako haizeguneetan, 60-90 kilometro ordutik gorakoak gainerako haizeguneetan. Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, ostegun goizeko 10:00ak arte eta gero, iluntzeko 20:00etatik gauerdira, 80 kilometro ordutik gorako boladak izan ditzakegu.
Haizeaz gain, azken egunotako giroa izango dugu ostegun honetan ere. Aipatzekoa tenperatura, gaur ere 20 gradutik gorako tenperatura izango dugu, asteazken gau honetan izan dugun bezalaxe. Ia 25 gradu izan ditugu azken orduotan.
Euskalmet-en arabera, gaur, hilaren 13an, Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Ostiralean, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogor batzuekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Larunbatean, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Noizbehinka euria eta zaparradak egin ditzake, probabilitate handiagoarekin gauean. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin egunaren lehen partean. Arratsaldean haizeak indarra galduko du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi jaitsiko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.