Urte amaiera bizia izaten da Hurbilago Usurbilgo merkatari eta ostalarien elkartearentzat. Izan ere, hainbat dinamika bideratzen dituzte. Haietako batzuen berri duzue lerrootan. Hasteko, albiste honi atxikitako argazkiko edukia. Usurbilgo saltokietan erostearen truke, poltsa isotermiko berrerabilgarriak eskuratu ahalko dituzue azaroaren 17tik aurrera. Horretarako, 30 eurotik gorako erosketa egin beharko duzue, zereginotarako baliabidea opari gisa jasotzeko.
"Mantendu zure produktuak beti fresko eta gozatu bertako kalitateaz", egin du gonbita Hurbilago elkarteak. Aipatu bilgunetik ohartarazi dutenez, "eskaintza honek lehen 50 erosleentzat balio du".
Gogoan izan, bestalde, Hurbilagok berak Usurbilgo Kulturgunearekin eta Udalarekin batera lankidetzan abiarazi dutela laugarren urtez, 650 Usurbil Bizi otarren egitasmoa. Azaroaren 16ra arte, hau da, igandera arte, urte amaieran zozketatuko diren otar horiek hornitzeko Usurbilgo ekoizleek eta sortzaileek eskaintzak egin ditzakete.
Otarrok izango duten itxura, azaroaren 29ko Hurbilagoren Udazkeneko Azokan aurkeztuko dute eta abenduaren 1etik aurrera, herriko saltokietan eginiko erosketen truke, zozketan parte hartzeko aukera izango da. Deialdi horiei buruzko xehetasunak segidan dituzue:
650 Usurbil Bizi Otarra
Parte hartzeko baldintzak
a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako:
- Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2025eko azaroaren 3an).
- Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.
- Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).
- Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.
b) Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:
- Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.
- Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.
Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.
Egutegia
Azaroak 3-16
Ekoizleen izen-ematea eta eskaintza aurkeztea (200 euroko aurrekontuarekin, BEZa sartu gabe), lotura honetan: https://labur.eus/650otarra2025
Azaroak 17-23
Ekoizleek eginiko eskaintzak eskatutako baldintzak betetzen diren aztertuko du ekimenen honen sustatzaileek osatutako lantaldeak. Egiaztapena eginda, egindako eskaintzaren onarpena bidaliko zaie ekoizleei. Jakinarazpen horretan eskainitako produktuak non eta noiz entregatu behar diren ere zehaztuko da.
Azaroak 29, larunbata: Hurbilagoren Udazkeneko Azoka
11:30-14:30 Azokako salmenta postuak: liburu eta diskoen azken nobedadeak, ipuinak, egutegiak, koadernoak, jostailuak, diseinu bereziko kamisetak, sudaderak, poltsak, motxilak, zeramika produktuak, bitxiak, akuarela laminak eta ilustrazioak, gazta, ogia eta bestelako kutixiak. Pultsera tailerra Ziortza Gazte Elkartearen eskutik.
13:30 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena. Otarra ikusgai azokan zehar.
Azokan zehar, gaztainak eta sagardoa doan (azokan erosketa eginda).
Azokako postuetan, herrikoak: Arenza, Azi, Dale kandela, Iñurri, Jox, Lizardi liburudenda, makaë, Mikel Zubelzu, Sleepy Mimosa, Xükâ Eskuz Egina, Ziortza Gazte Elkartea.
Kanpotik etorritako postuak: Agur.Handmade, Aldaxka eskuz egina, Amaetabiok, Bihurri, Ciabellaidoo, Crea, Esther Gonzalez, Haritxoa, Hemendik Hara, Lajtau Crafts, Mumi Handmade, Nahi Bitxiak, Ni Naiz, n.mone, Norte Jewellery, Osabi Naturala, Tai Day Studio, Urluma.
Abenduak 1-26
Gabonetako otarren Hurbilagoren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratzeko aukera, herriko saltokietan eginiko erosketen truke, sari moduan.
Abenduak 26 ostirala
Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez.
Abenduak 27, larunbata
13:30 Otarren banaketa ekitaldia Usurbilgo frontoian.
Informazio gehiago, gertuago@gertuago.eus helbidean edo 652 085 811 telefono zenbakian.
