Orain bai, ofizialki atzerako kontaketa abian da. AEK-k martxan duen markagailuaren arabera, 126 egun baino ez dira geratzen 24. Korrika abiatzeko! 2026ko martxoaren 19an izango da. Zuberoatik abiatuko da , Atharratzetik hain zuzen, amaitu berriz, ohi bezala, hamar egun geroago, hilaren 29an, igandearekin Bizkaiko hiriburuan, Bilbon.
Ostegun eguerdi honetan jakinarazi du AEK-k Gasteizen eginiko agerraldi bidez, euskararen aldeko lasterketa aitzindariaren abiapuntua eta helmuga zein izango den. Tarte horretan, Usurbilgo udalerria ere zeharkatuko du noski 24. Korrikak. Baina hori aurrerago ezagutaraziko dute.
Gaurkoz, datak eta hasiera eta amaiera jakinaraztearekin batera, aldarria ere ezagutarazi dute; "Euskara Gara" hautatu du AEK-k. Horri lotutako mezu ederra ere plazaratu dute eta omendua ere zein izango den aurkeztu dute; hain zuzen, udazkeneko kanpaina amaitzear duen Errigora egitasmoari egingo dio merezitako gorazarrea 24. Korrikak.
Aurpegi ezagunak ageri diren spot-a ere aurkeztu dute, albiste honi atxikia duzue. Dagoeneko parte hartzen hasteko zenbait bide ere ireki dituzte. Horien artean, Korrikak zabalik du dagoeneko sarean, materiala saltzeko denda. Hiriburuetako saltoki fisikoak ere prest ditu.
Segidan dituzue xehetasunak:
24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…
Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete.
Informazio gehiago:
korrika.eus
Antolatzailea: AEK.