24. Korrika badator!

Udazkeneko kanpaina amaitzear duen Errigora datorren Korrikako omendua

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 13a

Ostegun hau, azaroaren 13a izango duzue Errigoraren udazken parteko kanpainako produktuak eskatzeko azken eguna.

Udazkeneko kanpaina borobiltzeko albiste ezin gozoagoa jaso berri du Errigora egitasmoak. Izan ere, ostegun hau, azaroaren 13a duzue, “Agerreko uzta euskarari puzka” izeneko kanpainako otarrak eskatu eta despentsa Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuez hornitzeko azken eguna.

Azken egun horrekin egokitu da, aipatu moduan, egitasmo honek jaso duen albiste pozgarria. Izan ere, Errigora izango da 24. Korrikako omendua. Hala jakinarazi du AEK-k, euskararen aldeko lasterketa ezaguna aurkezteko ostegun eguerdi honetan, azaroaren 13an Gasteizen eginiko agerraldian. "Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik, baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere".

Egitasmoaren ibilbidearen aitortza egin nahi diote. "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen ahalegina aintzatzeko era da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere. Jarrai dezagun euskarari puzka", deitu du AEK-k.

Horretarako aukera ederra izango dela 24. Korrika berri eman dute antolatzaileek. Hain zuzen, "txikitasuna erdigunean jarri nahi dugu, gutako tanta bakoitzak blaitzen du-eta euskararen ibaia, gurea, hizkuntza minorizatua. Hizkuntzak batzen gaitu, Atharratzetik hasi eta Bilboraino, artean Nafarroako Erribera zeharkatuta; txoko horietan guztietan euskaraz gara eta euskarak batzen gaitu. Komunitatean pentsatu eta sinetsi behar dugu, elkarlanean aritu. Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora. Printzipioetan bat egiten dugu: euskararen sustapena eta burujabetza".

Errigora hain zuzen, Korrikaren antolatzaileek gogorarazi moduan, "Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes" dituen ekimen herritarra da. "Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz. Korrikak bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu, eta lanean dihardu euskararen aldeko ekintzaileekin. Euskal Herri osoan da ezaguna eta bat egiten du Korrikaren balioekin. Guztion arazo komunei bertatik bertara erantzuten saiatzen da, baita etorkizuneko erronkei erantzuna eman ere, izan larrialdi linguistikoa, klimatikoa edo/eta nortasunaren ingurukoa".


Saskiak eskatzeko azken eguna
Gogoan izan, Errigoraren hiru otar eskatzeko azken eguna duzue gaurkoa, segidan dituzuenak. Eskaerak telematikoki errigora.eus bidez egin ditzakezue edota NOAUA! Kultur Elkartearen bidez. Elkarte hau arduratuko da azaroa amaieran eskatutako produktuak banatzeaz.

Saski bakoitzetik jasotako irabaziaren laurdena, zonaldeko euskalgintzara bideratuko dute. “Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere”. Horrez gain, eremu hartako euskararen ezagutza eta erabilera sendotzeko eta bere aldeko jarrera indartzeko baliabideak eskaintzen dituen “Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada”.

Errigoratik, Agerraldiarekin batera, AEK, Sortzen eta ikastolak ezinbestekotzat jo ditu beste behin, “euskararentzat Agerrean”. Izan ere, "euskarak zonaldean arnasa har dezan bertatik eta bertarako egiten dute lan".

Horregatik, “Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidali diezaiogun denon artean puzka!”, egin dute gonbita.

Hiru otar aukeran

-Beltza:
60 eurotan, olioa, piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak, patxaran mantekatuak.


-Berdea (eko): 65 eurotan, piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, teilak, txokopipitak, sagar zukua, ozpina, ardo beltza erdi-ondua.


-Gorria: 75 eurotan, ardo beltza (18 hil barrikan), ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, mantekadak, polboroiak, ardi-gazta, txokolatezko molineritoak, patxarana.
Eskaerak egiteko epealdia: urriak 23-azaroak 13.
Informazio gehiago eta eskaerak: NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan (943 360 321) edo errigora.eus atarian.