NOAUA! hedabidea Usurbilgo kontuez aritzeko eta usurbildarrei boza emateko sortu zen. Euskaratik eta euskaraz. Denborarekin, Usurbilgo komunitatearen kohesiorako tresna bilakatu da. Paperean zein digitalean. Hortaz, zuzenean eta zeharka, erantzukizun handia dugu informazioaren eta komunikazioaren arloan.
Erantzukizun hori asumitzeaz gain, gure ekarpena egin nahiko genuke. Gure-gurea den arloan: komunikazioan. Eta arituak eta adituak diren lagunen bitartez. Horregatik antolatu dugu NOAUA! Jardunaldia izeneko ekitaldia.
Hausnarketarako tarte bat
Nagusiki pantailen bitartez komunikatzen garen honetan, ondo ari al gara? Hala ez bada, nola hobetu dezakegu gure arteko informazio-trukea? Egoki erabiltzen ote ditugu sare sozialak? Hizkuntzari lotutako gatazken aurrean, nola jokatu beharko genuke? Hari mutur asko daude, eta denak oso jakingarriak. Horregatik, oso egokia iruditzen zaigu hausnarketarako tarte bat hartzea. Hedabide gisa; eta orohar, Whatsapp, Telegram, AI edota sare sozialetako erabiltzaile gisa.
'Adi entzun, gozo idatzi' jardunaldiaren helburuak
Azkenaldian, eta bereziki sare sozialen bitartez, muturreko jarrerak ugaldu dira eta joera horri aurre egiteko modurik ba ote den jakin nahi dugu. Horregatik jarri diogu jardunaldiari izenburu hori: 'Adi entzun, gozo idatzi'.
Arlo honetan, gazteak dira zaurgarrienak izan daitezkeenak. Horregatik, gazteekin harreman zuzena duten taldeak eta hezitzaileak gonbidatu ditugu azaroaren 19ko jardunaldira. Sektore horretan ipini dugu fokua, baina jardunaldia interesa duen orori zuzendua dago.
Jardunaldiaren helburuak hauek dira:
• Alfabetatze mediatikoa sustatzea.
• Gazteekin harremana duten eragileen artean, tresna digitalen erabilera osasungarriaren inguruko kontzientzia piztea.
• Herrira begira gaia sozializatu eta etorkizunera begirako bide bat irekitzea.
Partehartzaileak
Mattin Solis errenteriarra TEKS elkarteko kide da. Teknologia burujabetza, teknologia librea eta ekonomia soziala sustatzen duen elkarteko ordezkaria. 50 minutuko solasaldi bat eskainiko du eta segidan abiatuko da mahaingurua. Euren esperientziaren berri emateko, Idoia Arruabarrena Zumarte Musika Eskolako zuzendaria, Julen Nazabal Usurbil KE-ko kirol zuzendaria eta Ziortza gazte elkarteko Eneka Muñoz eta Jone Allur begiraleak gonbidatu ditugu. Idoia Torregarai UEUko komunikazio-arduradunak gidatuko du mahaingurua.
NOAUA! jardunaldia: 'Adi entzun, gozo idatzi'
Azaroak 19, asteazkena
• Tokia: Potxoenea.
• Ordua: 18:00-19:30.
• Sarrera: doan.
• Hizlaria: Mattin Solis, TEKS elkartea.
• Mahai-ingurua. Parte-hartzaileak: Ziortza Gazte Elkartea, Zumarte Musika Eskola eta Usurbil Kirol Elkartea.
• Gidaria: Idoia Torregarai.
• Gazteekin harreman zuzena daukaten guraso eta hezitzaileei zuzendua.
• Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.
• Laguntzailea: Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza politika saila.