Hautatuko lekutik hasita nabarmendu dute hori guztia, "Gasteizko euskalgintzaren ikurretako bat" baita, frankismo garaian klandestinitatean euskara irakasten aritutako Izaskun Arrue andereñoaren omeneko aretoan izan da aurkezpen ekitaldia.
Testuinguru hura gogoan hartuta, AEK-k egun euskarak bizi duen egoera ahotan hartu du; "gure hizkuntza eskubideetan atzerapausorik ez dugula onartuko adierazteko, Korrikak norabide bakarra duelako, aurrerakoa, eta zerbait bagara, euskara gara, horixe da hain zuzen leloa".
Horren harira, oroitarazi dutenez, "euskara gara eta geroz eta gehiago gainera". Aurreko edizioan, 23. Korrikak "1,7 milioi ikustaldi izan zituen bataz beste. Kaleak ez ezik etxeak ere gure egin genituen 24 orduko seinalearen bidez". Datorren edizioa ere telebistaz edota sarean jarraitu ahalko da zuzenean 24 orduz. Ildo horretan, jada prest duten Korrikaren aplikazioa deskargatu eta eguneratzeko deia egin dute. "Azken albisteak, nobedadeak eta ekitaldi guztien berri izateko aplikazioa" da, IOS zein Android sistementzat egokia. "Konektatu korrikara, badator eta", egin dute gonbita.
"Mundu oso bat kabitzen baita euskaran"
24. Korrikaren abiapuntua, helmuga, leloa, spota, omendua eta mezua aurkeztu dute gaurko ekitaldian. Mezuari dagokionean hain zuzen, AEK-n ordezkari Maialen Begiristainek eta Lurdes Etxezarretak 23. Korrikaren leloa gogora ekarrita ("Harro herri"), edizio "erraldoiena eta anbiziotsuena" bezala definitu ostean, 2026ko martxokoan "harro herri" hori "nolakoa izatea nahi dugun adieraziko dugu", iragarri dute.
24. edizioarekin "sentiarazi nahi dugu euskara herritar guzti guztiontzako aterpe ireki eta erosoa dela. Berdin dio zein diren jatorri, azal kolore edo euskararekiko ezagutzak, garrantzitsuena guztiontzako lekua dagoela eta bertan, euskararen baitan, denon artean eraikiz azkenean aurkituko dugula gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen delako".
23. Korrikako lekuko barruko Garazi Arrularen mezuaren zati hau ekarri dute gogora; "gure egunerokoa idazten, kontatzen egiten gabiltza, gero bat gaurdanik sortzen, euskarari bere lekua munduan eta geroan sortzen, mundu oso bat kabitzen baita euskaran".
"Zer izan nahi dugun, horixe izango gara"
Aurtengo 24. Korrikaren mezuaz adierazi dute, lehenik, "euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizi nahi dugula, Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta gozoa izango delako gurea". Bigarrenik, "presa daukagula" nabarmendu dute. Izan ere, "helburu dugun Euskal Herria lortzeko ezin dugu geroko utzi, orain da unea. Larrialdi linguistiko bete-betean gaude eta ziklo berri bat abiatu behar dugu. Orain arteko lasterketa eta lana emankorra izan da, baina garaiak zeharo aldatu dira eta ingurua babesteko presa dugu. Adi egon behar dugu euskara ahultzen duten eragileen mehatxuei".
Hirugarren mezua erakundeei zuzendurikoa izan da. "Harro gaude bai, baina ez konforme". Erreakzionatzeko deia egin dute; "babestu eta indartu dezagun euskararen ekosistema eta zeregin horretan, erakundeek ardura handia dute, hizkuntza politika ausarta eta sendoa behar dugulako. Zer izan nahi dugun, horixe izango gara. AEK-n argi daukagu, euskara gara".
"Euskara arnasa da"
Datorren 24. Korrikarekin bat egiteko deia egin dute. Hasi bezala borobildu du Korrikaren koordinatzaile Ane Elordik gaurko aurkezpen ekitaldia. "Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat, euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izatea nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da. Euskarak arnasa ematen digu eta Euskal Herriak arnas berria behar du. Euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, bertan jaioak, zein kanpotik etorriak, euskara delako gure arnasa, elkar zaintzearen hizkuntza eta justizia sozialaren hizkuntza".