Zertaz hitz egiten du antzezlanak?
35 minutu irauten dituen antzezlan honetan Olvido Flores pertsonaiak, benetako bi istorio kontatzen ditu. Antzezlana amaitzean, ikusleekin elkartzen naiz eta benetako argazkiak erakusten dizkiet egiazkotasuna emateko, eta elkarrizketa txiki bat edukitzeko. Antzezlana ahaztutako objektuen sukurtsal batean kokatzen da, eta bertako objektuak erabiliz bi istorioak kontatzen noa. Lehenengo istorioa nire birraitonarena da. Tafallako udal albaitaria zen, eta 1936ko gerran desagertu zen. 1936an txerrien izurrite bat egon zen, eta izurritearekin bukatzeko txerriak hil egin behar zirela esan zion jabeari. Txerrien jabeak, aldiz, bera lehenago hilko zela esan zion eta halaxe izan zen. 1978an Elon (Nafarroan) agertu zen hobi komun batean. Nire aitak urrezko hortzengatik ezagutu zuen. Bigarren istorioa Anastasini zirkuarena da. Iberiar Penintsulatik hainbat saio eskaini eta gero, 1936ko uztailaren 16an Lodosara iritsi ziren, zoritxarrez. Lekukoek elefanteak, zaldiak eta 50 pertsona inguruko zirkua zela diote. Saio bakarra egin zuten, eta gero ihes egin behar izan zuten. Biktimen zerrenda ofizialean nire birraitona agertzen zen, baina zirkuko kideak ez. Antza denez, Anastasini zirkuko kideak ez zituzten hil, baina bahitu egin zituzten eta tropak animatzen zituzten. Floridara ihes egitea lortu zuten, eta hori guztia bizi zuen pertsonak zirkuarekin jarraitzen du bere familiarekin.
Zergatik erabaki zenuen istorio horiek kontatzea?
Nik istorioak bilatzen ditut, istorioak erreskatatzen ditut eta gremioko kideentzat, justiziatia naiz. Nire aurreko istorioa Iruñeko funanbulista bat zen, ez zela historiara pasa. Eta haren istorioari esker, Anastasini zirkuaren istorioa iritsi zitzaidan, eta bihotza apurtu zitzaidan. Polita iruditu zitzaidan izena ematea zirkuari, eta heriotz erritual bat egitea. Izena eta ahotsa eman nahi nien eduki ez zutenei zorigaiztoko garai hartan.
Nola hasi zinen antzezlanarekin?
Nik hasieran karabana batean antzezten nuen antzerki hau, baina 25 ikuslek bakarrik ikus zezaketen saioa. Zortzi emanaldi ematen nituen egun batean, eta erabaki nuen antzokietara moldatzea.
Zure birraitonaren objekturik erabiltzen duzu antzerkian?
Nire birramonaren, alargunaren, josteko makinaren kutxa erabiltzen dut. Errealismoa transmititu nahi dut erabiltzen ditudan objektuekin.
Zer moduz doa bira?
Malagatik iritsi berri nago, eta hainbat sari jaso ditut.
Nolako harrera du ikusleen artean?
Ikusleei iristen zaiela uste dut. 36ko gerrako istorioak entzun dira, baina gerrarekin zerikusirik ez zuen jendeak hori guztia bizitzea bidegabekeria da.