2. Ibai-Ondo Backyard erronkarako izen-ematea gaurtik herrikideentzat

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 17a

Astelehen honetatik, azaroaren 17tik 28ra usurbildarrek izango dute lehentasuna izena emateko, 2026ko martxoaren 28ko asteburuan egingo den Santueneako 2. Ibai-Ondo Backyard ekimenerako. Izen-emate orokorra abenduaren 2tik aurrera iragarri dute.

100 lagunentzako tokia egongo da eta haietatik 25 plaza gaurtik has daitezke betetzen. Izan ere, 2026ko martxoaren 28ko asteburuan jokatuko den Santueneako 2. Ibai-Ondo Backyard erronkarako izen-ematea zabalik izango da astelehen honetatik, azaroaren 17tik aurrera 18 urtetik gorako usurbildarrentzat. Abenduaren 2an zabalduko dute izen-emate orokorra, baina herrikideentzat gaur bertan. 25 plaza izango dituzte usurbildarrek lehentasunez, haietatik bost Santueneako Ibai-Ondo elkarteko bazkideentzat izango dira. Prezioa, 45 eurokoa izango da.

Aipatu moduan, gero, abenduaren 2an, asteartearekin, arratsaldeko 15:00etan zabalduko dute bigarren ediziorako inskripzio orokorrerako epealdia. "Gorde eguna zure egutegian", gogorarazi dute, "basoa, erronka, eta abentura berria" dakarren bigarren Ibai-Ondo Backyard proba prestatzen ari direnek.

Xehetasun gehiago antolatzaileek plazaraturiko araudian dituzue. "Mesedez, irakurri arretaz. Oso garrantzitsua da lasterketa eguna baino lehen, dena ondo ezagutzea. Horrela denak hobeto funtzionatuko du!", gogorarazi dute. Araudia bera bere osotasunean eta erronkari buruzko xehetasun gehiago, Ibai-Ondo Backyard ekimenaren atari berrian jaso ditzakezue, ibaiondobackyard.eus atarian hain zuzen. 

Kartela ere prest
Horrekin batera, hurrengo edizio horretarako kartela ere argitaratua dute babesleekin. Bertan egoki zehaztua dagoen moduan, 2026ko azken asteburuan, martxoaren 28an (larunbata) hasiko da, amaiera argirik ez duen erronka. Izan ere, gogoan izan, orduero, Atallu, Santuenea eta Txokoalde arteko 6,7 kilometroko ibilbidea osatzea da ekimenaren xedea, norberak erabakitako abiaduran.

Estreinako edizioan, ibilbideari itzuli gehien emandako azken lasterkariak 270 kilometro egin zituen. 41 aldiz osatu zuen 6,7 kilometroko ibilbidea. Larunbat goizeko 8:00etan hasi eta igande gauerdia pasa arte aritu zen etenik gabe, batzuetan oinez, besteetan lasterka (erritmoa partaide bakoitzak erabakitakoaren araberakoa izaten da). Apirilean jokatutako lehen edizio hartan, ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten. 

Gogoan izan, bestalde, erronka hau solidarioa ere badela. Zenbait elkartasun egitasmo laguntzeko ere baliatzen dute ekimen hau antolatzaileek eta parte hartzaileek. Hala, bigarren edizioan ere, "CARITASeko ATERPE zerbitzuarekin lankidetzan, parte-hartzaileei eskatzen zaie gutxienez 3 kg janari ekartzea: mota guztietako lekaleak (hobe kristalezko ontzian), kontserbak (atuna, sardinak…), olioa, kafe xigortua, marmelada, gurina, azukrea, arroza eta pasta. Boxen gunean edukiontziak egongo dira elikagai solidario hauek uzteko", araudiaren arabera.