Andatza gaina zuritu dezake, ate joka dugun negu giroko lehen denboraleak

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 18a

Abisu horia ezarri dute asteazken gauerditik aurrera elurragatik. Ostegun gauean, 500 metrotan zuritu dezake.

Garaian garaikoa. Egun epelak agurtu eta ate joka dugu negu giroko lehen denboralea. Asteazken gauerditik aurrera, abisu horia ezarri dute elurragatik, momentuz, ostegunerako egun osoz. Azaroaren 20ko lehen orduetan, 800-1000 metrotan zuritu dezake baina gero, beherago egin dezake elurra, 600-800 metro artean eguerdi partean eta 500-700 metro arteko garaieran gau partean, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Andatza gaina zuritu dezake etzi, azken orduetan beraz. Izan ere, "zaparrada txiki-ertainak botako ditu; oso ugariak Kantauri isurialdean. Egunaren bigarren partean trumoi-ekaitza eta txingorra egin dezake Kantauri isurialdean", Euskalmet-ek ohartarazi duenez. . 1-6 zentimetroko lodieran pila daiteke elurra 600 metrotan.

Iragarpena
Momentuz, astearte honi dagokionean, azaroaren 18an, aipatu meteorologia agentziaren arabera, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da egunaren lehenengo partean; bigarrenean hodeiak gutxitu egingo dira, bereziki ekialdean. Goizaldean eta goizean goiz euri txikia egin dezake han-hemenka. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Euritara joko du asteazkenean, hilaren 19an. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; egunaren bigarren partean estalita geratuko da. Egunaren lehenengo partean prezipitazio txikia egin dezake. Egunaren bigarren partean prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Azken orduetan trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da bolada gogor batzuekin; arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatu eta indartu egingo da, bolada oso gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira; azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Ekaitz giroa izateko aukera gehiago izango da ostegunean, hilaren 20an. "Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, zenbait tokitan ugariak. Trumoi-ekaitza eta txingorra bota dezake. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nabarmen edo asko jaitsiko da".

Informazio gehiago, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.