Aurtengo udal aurrekontuen onarpenean udal gobernu taldetik iragarritakoa betetzera doaz. Izan ere, udaletxea kokatua dagoen Joxe Martin Sagardia plaza ondoko Barrenkalen aipatu erakundeak duen lokala eraberritu eta egokitzera doaz, etorkizunean bertan kokatuko dira eta bi zerbitzu; Udaltzaingoa eta gizarte zerbitzuak.
Barrenkale 2ko lokalaz ari gara. Kale Nagusiko Lurraldebusen autobus geltoki parean kokatua dagoen udal egoitza da. Egun, Udaletik bertatik jakinarazi duten moduan, "lokala biltegi gisa erabiltzen" dute. Hasiak dituzten egokitzapen lanen ondotik, Udaltzaingoaren eta Gizarte Zerbitzuen egoitza izango da gune bera. "Sail bakoitzak bere sarrera propioa izango du: Udaltzaingoaren sarrera autobus geltokitik gertuen geldituko dena izango da, eta Gizarte Zerbitzuena Barrenkaleko aparkalekutik gertuen geldituko dena. Bi sailen kasuan, herritarrei harrera duina ematea da aldaketa beharraren arrazoi nagusia, haiengana jotzen dutenen pribatutasuna bermatuz: izan ere, batean zein bestean, zailtasun hori dute, gaur egun", Udaletik aurreratu dutenez. Izan ere, "bi sailen kasuan, egungo bulegoak txiki gelditu zaizkie, eta zerbitzu egokiagoa eskaintzeko helburua izango du aldaketak".
Udal zerbitzuok berrantolatzea ahalbidetuko dute lanok. "Izan ere, udaletxean eta Kale Nagusia 43an hutsik geldituko diren espazioei bestelako erabilerak emateko aukera emango du".
Udalak "4 Badia Mantentze Zerbitzuak enpresari esleitu" dizkio lanok, "328.069 euroan (BEZ barne), eta sei hilabete irautea aurreikusten da".