Baliabiderik gabeko pertsonak laguntzeko Kaleko Afari Solidarioak (KAS) herri egitasmoa abiarazi zuten Donostian, 2020ko azaroan. Sukaldatutako afari beroa prestatu eta banatzeari ekin zioten. Boluntario sare horrekin bat egin asmo du orain Usurbilek.
Izan ere, hilean behin afari solidarioetako bat herri honetan prestatzeko asmotan da herritar talde bat. "Donostiako boluntarioak gauero ari dira prestatzen afariak", goraipatu digute aipatu herritar taldetik. Horregatik, haiei laguntzearren abiatzera doaz ekimen hau Usurbilen. Esperimentazio moduan hartu dute ekimena, "helburu motzean goaz".
Laguntza bilketa
Momentuz, afari bat prestatuko dute, nahiz "jarraikortasun bat emateko" asmoa duten; helburua, hilean behin afari baten antolaketa herri honek bere gain hartu ahal izatea litzateke. Horregatik, deialdia ahalik eta gehien zabaldu nahi dute. "Gazte batzuen artean hasi ginen hitz egiten laguntza eman nahiko genuela. Lasarten ere bazen talde bat eta bertako eredua" ezagutzen izan ziren zenbait herrikide. 70 bat herritar kide dituen whatsapp talde bat ere osatu eta egitasmoa aurkezteko lehen bilera deitu zuten urriaren 31n Potxoenean. Kaleko Afari Solidarioak taldeko eta Lasarteko bilguneko bina ordezkariek xehetasunak eskaintzearekin batera, "guk nola ahal genien lagundu" azaldu zieten hitzordura joandakoei.
Aurrerantzean egingo dituzten asanbladetan parte hartu ahalko da, baina horrez gain, "laguntza emateko aukera desberdinak" izango direla jakinarazi dute. Horren berri zehatzago ematen joango diren arren, bi data kontuan izan; azaroaren 29a eta 30a. Hilabeteko azken asteburu horretan, Hurbilagoren Udazkeneko Azoka eta Erle Eguna egingo dira frontoian hurrenez hurren. Bi egun horietan, eremu horretan postu solidarioa kokatuko du KAS egitasmoarekin bat egindako herritar taldeak. Batetik, behar eta nahi dituenari xehetasun gehiago eskainiko zaizkio. Bilketa postua ere izango da halere. Izan ere, afari solidarioak prestatzeko beharrezko elikagaien bilketa bideratuko dute bertan. Itsulapiko ere bat jarriko dute, diru ekarpena egin nahi duenarentzat KAS taldearentzat edota "afariak prestatzeko laguntzeko aurreikusten dugulako beharko dugula sostengu ekonomikoa". Xehetasunak albiste honetan beherago dituzue.
Herritarrei bat egiteko deia egin nahi diete lerroon bidez. "Laguntzarako esku guztiak ongi etorriak izango dira, lan asko suposatzen baitu". Izan ere, aipaturiko azaroko azken asteburuko deialdiak eta gero, afaria prestatu eta banatzeko jendea beharko da.
"Desagertzeko desiratzen"
Bost urte bete ditu Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak Donostian. Egun, hiru banaketa gune dituzte hiriburuan; Amaran, Gipuzkoa plazan eta Alde Zaharrean. Gauero 300 pertsonei ematen diete, askok eguneko otordu bero bakarra dutena. "Desagertzeko desiratzen gaude", mezu horixe helarazi diete usurbildarrei Donostiako taldetik. Hala balitz, horrek esan nahiko luke hiriburuak baduela zerbitzu hau berma dezakeen azpiegitura egoki eta duin bat.
Gaurkoz, ordea, ez dute halakorik. "Udalbatzarretara eraman izan dute gaia, baina gaurkoz ez dago Donostian laguntza hau berma dezakeen jantoki sozialik", ekimena Usurbilen bideratzen ari den herritar taldetik aditzera eman digutenez. Horregatik, Usurbilgo taldetik nabarmendu dutenez, "herri ardura bat badugu KAS laguntzeko". Bost urtez egunero egiten duten ahalegina irudikatzeko gonbita egin digute. "Donostiako taldetik esan digute ahal duten moduan moldatzen direla elkarteetan edota kide batek, adibidez, 30entzako etxean prestatzen duela afaria". Erabiltzaile batzuk ere laguntzen dihardute egitasmoan. Ekimen solidario honen bidez ere oso garrantzitsutzat jotzen dute, "erakundeak hutsune horri benetako erantzun egoki bat ematera bultzatzea".
Afari solidarioetarako elikagai eta baliabide bilketa
Egunak: azaroak 29 eta 30.
Ordua: 11:00-14:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: Donostiako Kaleko Afari Solidarioak herri ekimenari laguntzeko herritar taldea osatu da Usurbilen. Horretarako, elikagai eta baliabide bilketa egingo dute azaroaren 29an eta 30ean. Honako hauek bildu nahi dituzte:
-Elikagaiak: dilistak, olioa, pasta, arroza, kontserbako garbantzu eta lekaleak (haragirik gabeak).
-Baliabideak: laguntza ekonomikoa ere beharko da. Bertan, itsulapiko bat izango dugu, nahi duenak borondatea eman dezan.
-Parte hartzea: afari solidarioak hilean behin egingo dira Usurbilen. Parte hartu nahi izanez gero bertaratu eta animatu parte hartzera.
Informazio gehiagorako: 688 85 08 24.
Antolatzailea: Usurbilgo Afari Solidarioak.
