Azaroa amaieran, Errigoraren produktuen banaketa

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 19a

24. Korrikak omenduko duen egitasmoari lotuta udazkeneko kanpainaren baitan eskatu dituzuen produktuak hilabete amaieran helduko dira.

Azaroaren 13ra arte eska zitezkeen Errigoraren “Agerreko uzta euskarari puzka” udazkeneko kanpainako produktuen otarrak. Eskaerak egin dituzuenoi jakinaraziko zaizue noiz helduko diren otarrok. Azaroaren 27 eta 28an egin asmo du banaketa NOAUA! Kultur Elkarteak, egoitzan bertan.

Omendua
Errigora izango da 24. Korrikako omendua. Hala jakinarazi zuen AEK-k, euskararen aldeko lasterketa ezaguna aurkezteko iragan astean Gasteizen eginiko agerraldian. "Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik, baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere".

Egitasmoaren ibilbidearen aitortza egin nahi diote. "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen ahalegina aintzatzeko era da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere. Jarrai dezagun euskarari puzka", deitu du AEK-k.

Horretarako aukera ederra izango dela 24. Korrika berri eman zuten antolatzaileek. Hain zuzen, "txikitasuna erdigunean jarri nahi dugu, gutako tanta bakoitzak blaitzen du-eta euskararen ibaia, gurea, hizkuntza minorizatua. Hizkuntzak batzen gaitu, Atharratzetik hasi eta Bilboraino, artean Nafarroako Erribera zeharkatuta; txoko horietan guztietan euskaraz gara eta euskarak batzen gaitu. Komunitatean pentsatu eta sinetsi behar dugu, elkarlanean aritu. Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora. Printzipioetan bat egiten dugu: euskararen sustapena eta burujabetza".

Errigora hain zuzen, Korrikaren antolatzaileek gogorarazi moduan, "Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes" dituen ekimen herritarra da. "Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz. Korrikak bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu, eta lanean dihardu euskararen aldeko ekintzaileekin. Euskal Herri osoan da ezaguna eta bat egiten du Korrikaren balioekin. Guztion arazo komunei bertatik bertara erantzuten saiatzen da, baita etorkizuneko erronkei erantzuna eman ere, izan larrialdi linguistikoa, klimatikoa edo/eta nortasunaren ingurukoa".