Negu giroko lehen denboralea ate joka dugu. Gogotik hoztu du eta hala segiko du hurrengo orduotan ere. Ekaitz giroa nagusituko zaigu. Elurra behe samarrean egin dezake eta gogotik egingo du euria. Horregatik, abisu hori bikoitza jarriko du indarrean Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak asteazken gauerdi honetatik aurrera ostiralera arte, hilaren 21era arte.
Batetik, prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara gaur gaueko 00:00etan hasi eta ostiral eguerdiko 12:00ak arte. Tarte horretan, "zenbait lekuetan 60 litro metro karratuko baino gehiago pila daitezke. Zaparrada txiki-ertainak eta oso ugariak botako ditu Kantauri isurialdean", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Hala, ostegun arratsaldetik ostiral eguerdira, "trumoi-ekaitza eta txingorra egin dezake". Gero, hilaren 21ean, "azken orduetan, atertzeko joera izango du".
Horrekin batera, elurrari lotutako abisu horia ere indarrean izango da gaur gauerditik aurrera datozen bi egunotan, azaroaren 20an eta 21ean hurrenez hurren. Ostegun goizaldean 800-1.000 metrotan zuritu dezake, hortik aurrera beherago; 600-900 metro artean eguerdian edota ostegun gauean, 500-700 metro artean, meteorologia agentziaren arabera. Zertxobait beherago egin dezake ostiralean, egunaren lehen zatian, "noizbehinka 400 metrotan", Euskalmet-ek ohartarazi duenez. Gero, ostiral arratsaldean, 600-800 metrotan zuritu dezake eta eguna amaitu baino lehen 700-900 metro artean.
Datuok aintzakotzat hartuta, Andatza gainean eta zertxobait beherago ere elurra egin dezake, ostegun arratsaldetik aurrera. Ostiral goizean, tarteka, 400 metrotan ere zuritu dezake, aipatu moduan.
Egunotarako iragarpena
Abisu hori bikoitz hori indarrean izan aurretik, asteazken honetan, azaroaren 19an, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; egunaren bigarren partean estalita geratuko da. Egunaren lehenengo partean prezipitazio txikia egin dezake. Egunaren bigarren partean prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Azken orduetan trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da bolada gogor batzuekin; arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatu eta indartu egingo da, bolada oso gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira; azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Ostegunean, hilaren 20an, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, zenbait tokitan ugariak. Trumoi-ekaitza eta txingorra bota dezake. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nabarmen edo asko jaitsiko da".
Ostiralean, hilaren 21ean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada ertainak botako ditu Kantauri isurialdean eta txiki-ertainak gainontzeko lekuetan; arratsaldetik aurrera atertzera egingo du. Egunaren lehen partean trumoi-ekaitza eta txingorra egin dezake Kantauri isurialdean. Elur-kota 400-500 m-ra egongo da goizaldean, noizbehinka beherago, eta 500-800 m-ra igoko da arratsaldean. Iparraldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta arratsaldean mendebaldera aldatuko da, ahul-bizi. Egunaren amaieran hego-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez. Izotz txikia egingo du".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.
🟡#AbisuHoria #elurra #euria
— Euskalmet (@Euskalmet) November 19, 2025
❄ Elurra
📆Bihar. 800-1000 m goizean, 600-900 m eguerdian, 500-700 m gauean
📆Etzi. 500 m (400 m). Arratsaldean 600-800 m, gauean 700-900 m
💧 Prezipitazioa iraunkorra
📆Bihar 00etatik etzi 12etara
📌Kantauri isurialdean 24 h-tan > 60 l/m² pic.twitter.com/91bDxwulsc