Askotariko Usurbilgo sortzaile eta sorkuntza lanak, datorren Durangoko Azokan

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 20a

Abenduaren 5etik 8ra egingo den 60. Durangoko Azokaren egitaraua aurkeztu dute azken orduotan antolatzaileek. Edizio honetan ere, askotariko hitzorduen artean, Usurbilgo sortzaileei eta sorkuntzari egingo diote tartea urtero moduan.

Sei hamarkadako ibilbidea osatua du jada Durangoko Azokak. Ibilbide hori goraipatu nahi izan du Durangoko Azokaren antolakuntzak, aurtengo edizioaren egitaraua aurkezteko azken orduotan eginiko agerraldian. "Harro aldarrikatu nahi dugu gaur, Durangoko Azokak izandako bilakaera eta pozik heltzen diogu aurrean dugun erronkari". Aurrean duten erronka, abenduaren 5etik 8ra egingo den 60. edizioa dute. Azken prestaketa lanetan murgilduak dira jada.

"Inoizko zenbaki handienak"
Hala da, inoizko eskaintza handienarekin dator 60. Durangoko Azoka. Antolatzaileen esanetan, "285 erakusmahai ipiniko dituzte 175 partaideren artean, eta 1026 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emateko; horietatik 694 liburuak, 163 musika ekoizpenak, 30 aldizkariak eta 139 bestelako ekoizpenak (fanzineak, audioliburuak, podcastak…) izango dira. Lan berriak aurkezteko 273 ekitaldi programatu dira". 

Eta nobedade gehiago izango dira, sei hamarkada hauei gorazarre egiteko. Izan ere, "ingurura moldatzen joan da etengabe azoka; euskal kulturaren berritasunei egokitzen eta arte-adierazpen berriak batzen. Horregatik, aurten bi gune berri izango ditu Durangoko Azokak: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plaza)".

Estreinakoz, gainera, azoka itxi osteko gauetan segida izango dute hitzorduek. "Hasteko, gauetako kontzertuak izango ditugu: 5ean Lukiek eta Ezezez, eta 6an Mirua eta Naxker. Gainera, 6an Behe Bandakoen errezitaldia eta bostOK konpainiaren emanaldi bat ere egongo da iluntzean; 7an Formol laborategiaren ikuskizuna izango dugu, baita Bittor Kapanaga kulturgilea omentzeko ekitaldia, eta Gaua filmaren emanaldia Paul Urkijo bertan dela".

Usurbilgo ordezkaritza
Urtero moduan, Usurbilgo herri sorkuntza eta sortzaileen parte hartzea izango du 60. Durangoko Azokak. Segidan duzue aurtengo edizioko programazioak izango duen herri ordezkaritza. Yolanda Arrietak idazketari buruzko mahainguruan, "Su txikian" ipuin kontaketa saioan parte hartuko du. Mihisek urrian Sutegin aurkezturiko "Ahaldatu" bigarren lana aurkeztuko du; Joseba Tapiak, aldiz, bere bakarkako hamargarren sorkuntza lana, "Mister Eleizegi" izenekoa eta Ilargi Arrizabalaga Alberdik bere bigarren diskoa, "Dolu(s)min" izenekoa. Jakoba Errekondok "Bizi baratzea" liburua aurkeztuko du. Urte hasieran NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan Alex Tellok Sutegin proiektaturiko "Animo" filma ere aurkeztuko dute azoka berean.

Herri honekin lotutako hitzordu gehiago ere programatu dira; esaterako, udalerri hau kide duen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoa aurkeztuko dute. "Heziketa librea" liburu aurkezpenean parte hartuko du Olatz Lasagabaster herrikideak. Usurbilen egoitza duen Iñurri elkartea partaide duen "Ama" liburua ere aurkeztuko dute.

Egitarau horretan, gainera, Akelarre musika taldearen dokumentalaren aurkezpena ere txertatu dugu. Izan ere, ikus-entzunezko lan horretarako hainbat irudi Usurbilen grabatu baitituzte eta Durangoko Azokaren ondotik, Aginagan eta Zubietan (abenduaren 12an) eta Sutegin (abenduaren 14an) proiektatuko dute.

Gauza bera, ETB-ren Irabazi Arte telesailaren kasuan ere. Neguan estreinatuko duten denboraldi berrirako zenbait eszena udalerri honetan grabatu zituzten uda partean; besteak beste, Askatasuna plazan edota Errekatxikiko parkean.

Usurbilgo herri ordezkaritza eta sorkuntza 60. Durangoko Azokan
Abenduak 5, ostirala
13:00-14:00 Talaia-Landakogunea: “Zer egingo dugu idazketarekin?” mahaingurua. Yolanda Arrieta, Nerea Loiola eta Amaia Egidazu. 1545 argitaletxea.
Zehaztasunak: “Haurrak, gazteak eta helduak idazketara hurbiltzearen onuraz arituko gara, eta horretarako komeni zaigun giroaz, baliabideez, dinamikaz… MEMORIA BERRIAK, ENTSEGU GRAFIKO BAT IDAZKETA SORTZAILEAREN ALDE liburuan agertzen zaigunaz…”.

18:00-18:30 Ahotsenea Musika-Plateruenan: Mihise taldearen “Ahaldatu” disko aurkezpena.

18:00-19:00 Talaia-Landakogunean: “Sortzaileek herria”: Udalbiltza partzuergoaren Geuretik Sortuak kultur egitasmoaren aurkezpena.
Zehaztasunak: “Udalbiltzak Geuretik Sortuak kultur egitasmoaren hirugarren aldia du esku artean. Euskal Herria geuretik kontatzea eta geure historiak sortzea du helburu, euskaratik eta euskaraz, hainbat diziplina artistikoren bidez: komikigintza, literatura, antzerkigintza eta zinemagintza. Horretarako, 30 sortzaile Euskal Herriko 46 herritan aritu dira haien proiektuak lantzen, herrien eta sortzaileen arteko elkarlana sustatuz. Ekitaldi honetan, beka jaso duten bi sortzaile eta bi herritako ordezkariak izango dira elkarrizketan, eta Udalbiltzako ordezkari bat izango dute moderatzaile lanetan. Bertan ezagutu ahal izango ditugu sortzaileen esperientziak, herriek jasotakoa eta elkarlanak emandakoa. Gainera, komiki-bilduma ere bertan eskuratu ahal izango da, eta 2026an zehar egingo diren lau diziplinetako zirkuituen datak ere jakinaraziko dira”.

18:15-18:45 Saguganbara-Elkartegian: “Su txikian” ipuin kontaketa. Olatz Mitxelena, Yolanda Arrieta eta Irati Eguren. 1545 argitaletxea.
Zehaztasunak: “Galderak sortzen zaizkio Udane bilobari, aitonak egiten eta esaten dituenak entzunda: aitonak landatu eta zaindutako basoa aitonarena ote da?, basoari kendu edo eman, zer egiten dio aitonak gehiago?, zuhaitzak mantso-mantso haziko badira, ikusiko ote du aitonak bere basorik? Hausnartzeko liburua da "Su txikian": denboraz, basoaz, galdutako bizimoduez, aldatzen diren ikuspegiez. Galduko dira okilak, galduko dira su txikia eta basoari begiratzeko modua; galderarik ez zaigu ahituko, ordea: kaxk-kaxk egingo dio okilak irakurlearen buruari”.


Abenduak 6, larunbata
13:30-14:00 Talaia-Landakogunean: Argiaren “Bizi baratzea: lurrari begiratzen diogunon orria” liburuaren aurkezpena, Jakoba Errekondo.
Zehaztasunak: “Bizi Baratzea Orria urtaro bakoitzean argitaratzen den formatu oso bereziko aldizkaria da. Batetik, landareak lantzeko jakintza praktikoa emango du. Bestetik, Lurraren eta bizidunen osasunarekin lotutako gaiak jorratuko ditu, ilustrazio, argazki eta bitxikeriez osatuta. Gainera, orria erabat zabalduta poster eder bat deskubrituko dugu”.

19:30-20:00 Talaia-Landakogunean: “Heziketa librea” liburuaren aurkezpena. Ane Ablanedo eta Olatz Lasagabaster. Hik Hasi
Zehaztasunak: “Ane Ablanedok idatzitako Heziketa librea liburuaren aurkezpen honetan, egileak heziketa librearen oinarriak eta bere esperientziaren bidez garatutako gogoetak partekatuko ditu. Aurkezpena hezkuntza alternatiboarekiko interesa duten guztientzat da, eta gogoetarako espazio aberatsa eskaini nahi du”.


Abenduak 7, igandea
11:00-12:00 Atartea-Durangoko Museoan: Lanartearen liburu aurkezpena eta mahaingurua.
Zehaztasunak: “Liburua 16 elkarrizketaz osatuta dago, euskal kulturgile beteranoei egindakoak denak, eta euren hastapenak eta orduko ametsak, hasi zireneko kultur giroa, euskal kultur sistemaren bilakaera eta egungo egora dituzte hizpide. Elkarrizketatuak dira, zehazki: Andoni Egaña (bertsolari eta idazlea), Xabier Amuriza (bertsolari eta idazlea), Edorta Jimenez (idazlea), Mixel Ducau (musikaria), Klara Badiola (aktore eta bikoiztailea), Mizel Theret (dantzaria), Xabier Olarra (itzultzailea), Asun Garikano (itzultzailea), Mikel Martinez (aktorea), Joseba Tapia (musikaria), Itxaro Borda (idazlea), Arantxa Urretabizkaia (idazle eta kazetaria), Kepa Akixo Zigor (margolari, eskultore, poeta), Yolanda Arrieta (idazlea), Miren Agur Meabe (idazlea) eta Dani Fano (komikilaria, irudigilea)”.

13:20-13:50 Ahotsenea Musika-Plateruenan: Ilargiren “Dolu(s)min” disko aurkezpena.

14:30-15:00 Talaia-Landakogunean: “Mister Eleizegi” Joseba Tapiaren bakarkako hamargarren diskoa aurkeztuko du Tapiak berak eta Koldo Izagirrek.

16:00-16:30 Atartea-Durangoko Museoan: “Ama” liburuxkaren aurkezpena. Urtzi Ugalde, Iñurri elkartea, Trinchera.
Zehaztasunak: ”Iñurri elkartearekin eta Trinchera edizioekin elkarlanean argitaratuko dugun artefaktua edo liburuxka da. Poema eta marrazkiz osatua. Minbizia Heriotza, amatasuna, maitasunaren gaiak jorratzen dituena. Hitzaurrea Jon Maiak egin du”.

18:00-19:50 Irudienea-Zugazan: Alex Tello Arostegiren “Animo” film emanaldia.
Zehaztasunak: “Aitor etsirik eta Leire kezkaturik. Mirenek ez du loturarik. Itxasok badu kanta berririk, aldiz, Amets dabil isilik. Hemen inork ez du barre egiteko motiborik. Bizitzaren aurrean, ihesbideak baino, aukeran hobe heldulekuak izatea. "Animo" euskal zine independentea eta auto-finantzatua da, aktore ezagun eta ezezagunen laguntasunarekin egindako film luzea. "Animo" familia, homosexualitatea eta eguneroko hainbat egoera da, ikuslearentzako identifikagarriak gertatuko direnak. "Animo"-k Telmo Iruretaren interpretazioak inklusioari beste buelta bat ematen dio. "Animo" kalitatez egindako egungo fikziozko drama da, umore ukituekin, ilustrazio eta musika esanguratsu ugari duena. "Animo" 2017an “Azken muxua” laburrarekin hasitako film luzea da, non gidoia filma egin ahala eraikitzen joan den”.


Abenduak 8, astelehena

11:00-12:50 Irudienea-Zugazan: “Akelarre: marearen kontra” dokumentala. Xabier Zabala eta Carlos Iglesias.
Zehaztasunak: “Akelarre: marearen kontra" luzemetrai dokumentala da, Akelarre bandaren bitartez musikaren pasioa eta indarra jorratzen dituena, 30 urteetan zehar bizi izan duen eta milaka lagunen bizitzetan sartzeko erabili duen pasio edo indar berbera. Dokumental hau musikaren bidez bizitza ulertzeko modu baten aitorpena da”.

12:00-13:50 Irudienea-Zugazan: ETB-ren “Irabazi arte telesailaren 5. denboraldia.

Informazio gehiagorako: durangokoazoka.eus