Negu giroko lehen denboraleagatik abisu horian ostiral eguerdira arte

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 20a

Gauerdiaz geroztik ostiral eguerdira arte abisu horian izango gara prezipitazio iraunkorragatik eta bihar goizean 400 metrotan ere egin dezakeen elurragatik.

Negu giroko lehen denboralea hemen da. Gauerdiaz geroztik abisu horian gara prezipitazio iraunkorragatik eta hala segiko dugu ostiral eguerdiko 12:00ak arte. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparradak txiki-ertainak eta oso ugariak botako ditu Kantauri isurialdean", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Ostegun arratsaldetik ostiral goizera, gainera, "trumoi-ekaitza eta txingorra egin dezake", Euskalmet-en arabera. Gerora, hilaren 21ean, "azken orduetan atertzeko joera izango du".

Euriagatik soilik ez, elurragatik ere abisu horia aktibatu du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. Ostegun goiz honetan, azaroaren 20an, 800-1000 metro artean zuritu dezake baina orduek aurrera egin ahala, geroz eta beherago elurra ikusteko modua egon daiteke; 600-900 metro artean eguerdian, 500-700 metro artean gauean eta ostiral goizaldean, 400 metrotan. Honenbestez, 562 metroko garaiera duen Andatza gaina zuritu dezake elurrak. Gaur, hilaren 20an, 1 eta 8 zentimetro artean pila daiteke elurra 600 metrotan, 2-15 zentimetro artean ostiral goizean.

Iragarpena
Negu giroko egunak biziko ditugu, beraz. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, ostegun honetan, azaroaren 20an Usurbilen, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, zenbait tokitan ugariak. Trumoi-ekaitza eta txingorra bota dezake. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nabarmen edo asko jaitsiko da".

Ostiralean, hilaren 21ean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada ertainak botako ditu; egunaren bukaeran atertzera egingo du. Egunaren lehen partean trumoi-ekaitza eta txingorra egin dezake. Iparraldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez".

Larunbatean, hilaren 22an, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu goizaldean, eta arratsaldean estalita geldituko da. Han-hemenka prezipitazio txikia egingo du goizaldean. Arratsaldetik aurrera prezipitazio txiki ertaina egingo du, iraunkorra izan daiteke egunaren amaieran. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere gauean. Tenperatura gutxi igoko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.