Haurtzaroaren Nazioarteko Eguneko manifestua plazaratu du Oinherrik

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 20a

Oinherri herri hezitzaileen da Usurbil. Ostegun honetako, Haurtzaroaren Nazioarteko Egunaren harira, manifestua kaleratu du aipatu herri egitasmoak.

Herri hezitzaileak sustatzea xede duen irabazi asmorik gabeko elkartea da Oinherri. 2012an sortu zutenetik, Euskal Herri hezitzaile bat lortzeko zazpi lan-ildoetan dihardute: "Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea". 

Beste 46 herrirekin batera Usurbil ere sare horretan da 2020. urte hasieran Udalak Oinherri herri hezitzaileen egitasmoan sartzea erabaki zuenetik. Ordutik, egitasmoa bera 2020-22 udal diru-laguntzen plan estrategikoan onartu zenetik, urtero hitzarmen bidez lagundu du udalerri honek. 2023az geroztik, gainera, Udala aipatu egitasmoko bazkide laguntzailea da.

Helduzentrismoa auzitan jartzeko deia
Gaur, azaroak 20, Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna da. Egun horren harira, haurtzaroaren aldeko manifestua kaleratu du Oinherrik eta harekin bat egitera deitu gaituzte. Bost puntuko manifestuan, haurra subjektu politiko gisa aitortzen du; bere parte hartzea komunitateko erabakietan txertatzea galdegiten du; helduzentrismoa auzitan jarri eta haurren kulturaz jabetzera deitzen gaitu; haurtzaroen beharrak asetu eta guztien askatasuna eskatzzen du; azkenik, herriak haurren jolaserako bilakatzea galdegiten du.

Manifestuarekin batera, mundu mailako egun hau baliatu du Oinherrik haurren eskubide hainbat aldarrikatu eta nabarmentzeko, guztira hamar; tartean, elkartzeko, jokorako eta atsedenerako, indarberritu eta gizarteratzeko, iritzia eman eta entzunak izateko edota intimitaterako eskubideak. Segidan dituzue izendatuak, aipatu manifestuaren eduki osoarekin batera. Informazio gehiago oinherri.eus atarian jaso ahalko duzue.

Oinherriren manifestua
Oinherri Elkarteak Haurtzaroaren Nazioarteko eguna probestu nahi du, haurtzaroaren aldeko manifestua kaleratzeko eta bertan jasotzen diren ideiekin bat egiten duen oro, bertara batzeko gonbidapena egiten du.

1-Haurtzaroa historikoki eta kulturalki etengabe aldatzen den eraikuntza soziala da. Egun, bi iruditegien artean kokatzen da: bata, tradizionala, menpekotasuna nabarmentzen duena; bestea, garaikidea, haurren eskubideak eta erantzukizunak aitortzen dituena. Lehenengoaren ondorio nabarmena da egun haurrak gehiegi babesteko eta kontrolatzeko joera. Bigarrenak, aldiz, haurrak gaitasundun eta eskubidedun subjektu bilakatzen ditu. Paradigma berri horrekin bat egiten dugu, haurra subjektu politiko soziala delako orain eta hemen, ez etorkizunean soilik.
2-Haurra komunitatearentzat jakintza eta trebetasun esanguratsuak dituen subjektua dela aldarrikatu nahi dugu eta ondorioz, bere parte hartzea komunitatearen eguneroko erabakietan txertatzea dagokigula.
3-Parte-hartze hori haurtzaroaren ezaugarrietara egokitzeko giltza topatu nahi dugu, haurrek mundua ulertzeko eta bizitzeko modu propioak dituztelako. Helburuak, beraz, ezin du izan haurrak helduon moduetan parte hartzen jartzea, baizik eta helduak haurren kulturaz jabetzea. Horrek, halabeharrez, helduzentrismoa interpelatzera garamatza. Haurrekin benetako parte-hartzea sustatzea nahi badugu, desikaste prozesu bat eskatzen digu, besteak beste, heldu moduan jendarte honetan gorpuzten dugun botereaz kontzientzia hartzeko, helduzentrismoa zalantzan jartzeko eta sor ditzakegun zapalkuntza egoerak identifikatzeko.
4-Haurrak adina haurtzaro existitzen direla aldarrikatu nahi dugu, haurtzaroa ere aldagai ezberdinek zeharkatzen dutelako, besteak beste, jatorriak, klase sozialak, generoak, desgaitasunak etabar luze bat. Haurtzaro guzti horien oinarrizko beharrak asetzea bermatuko duten eta denak aske bizitzeko aukera izango duten herria izan nahi dugu.
5-Haurtzaroaren garapen on bat eman dadin ezinbestekoak diren lau aldagai kontuan hartu nahi ditugu herri moduan: herria haurren jolaserako espazioa bihurtuz, non jolasteko denbora ahalbidetuko den, haurren autonomia sustatuz, elkar topatzeko espazioak eraikiz eta birnaturalizazioan sakonduz.