Usurbil 1936 elkarteak trantsizioaren inguruko hitzaldia eskaini du Sutegin

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 20a

Josu Txueka historialariak eskaini du hitzaldia, eta frankismoko erakundeak "inolako depuraziorik gabe" demokraziara bihurtu zirela nabarmendu du Txuekak. 

Franko hil zen eguneko 50.urteurrenaren egunean Usurbil 1936 taldeak trantsizioaren inguruko hitzaldia antolatu du Sutegin. Josu Txueka EHUko irakasle ohiak eman du trantsizioaren inguruko hitzaldia.

Trantsizioa Franco hil zenetik PSOE gobernura iristen den arte kokatzen du Txuekak, eta nabarmendu duenez, frankismoko hainbat erakunde- Guardia Zibila, Eliza Katolikoa, hedabideak, Monarkia, eta armada, besteak beste- "inolako depuraziorik gabe" igaro ziren demokraziaren parte izatera; hau da, ez zieten epaiketarik egin garai horretan ibili zirenei eta instituzioetan jarraitu zuten. 

Horregatik dio trantsizioa ez zela izan "ez eredugarria ezta demokratikoa ere". Izan ere, trantsizio garaian frankismoak erabiltzen zituen hainbat teknika erabiltzen ziren: torturak, errepresioa, sindikatuak debekatuta zeuden...

Horretarako, garaiko hainbat adibide jarri ditu, eta bertan izan ziren mugimendu esanguratsuenak: amnistiaren aldeko mugimendua, langile mugimendua, nuklearren kontrako mugimendua...