Errigora gorantz, udazkeneko kanpaina amaitu berritan

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 22a

Iaz baino laguntza gehiago bildu du Errigorak udazkeneko ekimenarekin. “Oso kanpaina emankorra izan da", nabarmendu dute sustatzaileek.

Azaroaren 13ra arte eska zitezkeen Errigoraren udazkeneko kanpainako produktuen otarrak. Eskaerak egin dituzuenontzat adi, hurrengo astean jasoko ditugu otarrok. Segidan egingo dugu banaketa, NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan. Jakinaraziko zaizue heltzen direnean.

Balantze gozoa
Errigora, gorantz doa. Hala diote sustatzaileek. Izan ere, amaitu berri duten udazkeneko kanpaina arrakastatsuenetariko bat izan dela nabarmendu dute eta “urtetik urtera harrera eta emaitza hobeak uzten” dizkietela. Aurtengoa ere ildo horretan kokatu dute. “Oso kanpaina emankorra izan da. Izan ere, 16.400 saski eskatu dira guztira. Horietako bakoitzaren balioaren laurdena ekarpen ekonomikoa dela kontuan hartuz, 256.500€ bideratuko dira aurtengoan Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintza laguntzera, iaz baino 18.000€ gehiago”.

Urteroko auzolan handian parte hartzen duen oro nabarmendu nahi izan dute. “Kanpaina honen bihotza auzolana da. Iragan ditugun egunetan horrek itzulpen nabaria izan du: Ablitaseko auzolan erraldoia, herriz herriko ekimenak, San Fermin ikastolako auzolana, ekoizleen arteko auzolana, banaketan laguntzeko bildu diren bolondresak…”.

Gogoan izan, saski bakoitzetik jasotako irabaziaren laurdena, zonaldeko euskalgintzara bideratuko dute. “Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere”. Horrez gain, eremu hartako euskararen ezagutza eta erabilera sendotzeko eta bere aldeko jarrera indartzeko baliabideak eskaintzen dituen “Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada”.

Errigoratik, Agerraldiarekin batera, AEK, Sortzen eta ikastolak ezinbestekotzat jo ditu beste behin, “euskararentzat Agerrean”. Izan ere, "euskarak zonaldean arnasa har dezan bertatik eta bertarako egiten dute lan".