Askotariko ekimenen zikloa, bidean datorkigun Euskararen Egunaren harira

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 22a

Iazko Aginagako Euskararen Galako parte hartzaileak.

Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekimen antolatu dira hurrengo astetik aurrera. Orain arte zehazturikoen berri duzue lerrootan.

Euskarari gorazarre egin eta bizi duen larrialdi linguistikoa gogora ekartzeko eguna izango da abenduaren 3ko geure hizkuntzari eskainitako nazioarteko eguna. Usurbilen hainbat ekimen antolatu dituzte beste hainbeste herri eragileek. Segidan dituzue, orain arte bildu ahal izan ditugunak zerrendatuak.

Hasteko, hilaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran egun horri begirako adierazpena bozkatuko dute udal ordezkariek. Hurrengo larunbatean, kantua izango dugu protagonista eguerdi partean; lehenbizi, Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen kantu-jirarekin eta, segidan, txartelak agortu dituen Aialde-Berriko kantu bazkariarekin.

Arratsaldean, gaztetxoenen txanda. NOAUA! Kultur Elkartearen eta Usurbilgo Udalaren eskutik, "Zerua lapurtu dute" Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren emanaldia eskainiko da Oiardo kiroldegian. Eta eguna borobiltzeko, denetariko tokiko nahiz Euskal Herriko sortzaileak batuko dituen bosgarren Euskararen Gala Aginagako Eliza Zaharra elkargunean.

Biharamunean, azkenaldiko euskarazko film berrienekin ("Jone, batzuetan" eta "Karmele) NOAUA! Kultur Elkarteak osaturiko zikloa borobiltzeko Paul Urkijoren "Gaua" proiektatuko du Sutegin.

Abenduko lehen astean izango du segida ziklo horrek hilaren 3an egingo diren ekimenekin. Borobiltzeko, biharamunean, hilaren 4an, Yolanda Arrietak NOAUA! K.E.-rentzat prestaturiko "Pox, Mox eta Trumoi, ederra kasketa!" liburua aurkeztuko du Sutegi udal liburutegian.


Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira...
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Udalbatzaren osoko bilkura: Euskararen Nazioarteko Egunari begirako adierazpenaren bozketa.


Azaroak 29, larunbata
12:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik. Ez ahaztu kantu-liburuxka.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

14:00 Kantu bazkaria Santueneako Aialde-Berri sagardotegian.
Sarrerak agortuak.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.

17:00 "Zerua lapurtu dute" Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren emanaldia Oiardo kiroldegian.
Sarrerak: 8 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.

22:00 5. Euskararen Gala Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.
Parte hartzaileak: Agus Barandiaran (Korrontzi), Jon Maia, Petti, Xabin Fernandez, Eider Arsuaga, Asier Kidam, Esti Curiel, Mikel Bermejo, Ilargi, Unai Gaztelumendi, fotokola, aurkezleak, Dj Totoro...
Sarrera: 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman edo Arrate ostatuan.
Antolatzailea: Aginaga Eliza Zaharra Elkargunea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.


Azaroak 30, igandea
18:00 "Gaua" filmaren proiekzioa Sutegin.
Sarrerak: aurrez 6 eurotan usurbilkultura.eus plataforman eskuragarri. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 4 eurotan erosi ahalko dituzue kultur elkartearen egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.


Abenduak 1, astelehena
Mikel Laboa gogoan, bera hil zenetik hamazazpi urte beteko diren egunean. Bere musika entzungai Mikel Laboa plazan.


Abenduak 3, asteazkena
Euskararen Nazioarteko Eguna


Abenduak 4, osteguna
18:00 Yolanda Arrietak NOAUA! K.E.-rentzat prestaturiko "Pox, Mox eta Trumoi, ederra kasketa!" liburu aurkezpena Sutegi udal liburutegian.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.