Azoken garai betean gara Usurbilen. Ziklo hau borobilduko duena NOAUA! Kultur Elkartearen San Tomas azoka izango da. Abenduaren 14rako antolatzen ari da hitzordua kultur elkarte hau. Nola ez, bada urtero moduan hutsik egingo ez duen osagaia; sagardo eta babarrun txapelketez ari gara.
Herri ekoizpena sarituko duen lehiaketa bikoitz horretarako izena emateko garaia da. Abenduaren 5era arteko tartea egongo da horretarako.
Segidan duzue txapelketa hauetan parte hartzeko kontuan hartu beharreko xehetasunen berri:
SAN TOMAS AZOKAKO BABARRUN ETA SAGARDO TXAPELKETAK
Izen ematea
Abenduaren 5era arte NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Ordutegia (astelehenetik ostiralera): 08:00-13:00/16:30-18:30.
Sagardo lehiaketa
-Sagardoa etxean egiten duten usurbildarrek parte hartu ahal izango dute. Sagardotegiek ezingo dute parte hartu.
-Partaide bakoitzak 6 botila ekarri beharko ditu, eta botila bakoitzeko 2,5 euro ordainduko zaio (15 euro guztira).
Babarrun lehiaketa
Partaide bakoitzak kilo bat babarrun ekarri behar du eta 15 euro ordainduko zaio.
Ezaugarri hauek hartuko dira kontuan:
-Itxura: osorik edo hautsita dagoen, zimurrak...
-Kolorea: zenbat eta beltzagoa orduan eta hobeagoa.
-Berdintasuna: tamainaz, kolorez... elkarren berdinak izatea.
-Dizdira: berezko dizdira beste edozein produkturekin (olio, abrilantadore...) estali edo aldatua izaten bada lehiaketatik kanpo geratuko da.
-Garbitasuna: partikula arrotzik ez izatea.
Sagardo/babarrun txapelketen sariak
1. saria 300 euro eta txapela.
2. saria: 150 euro eta kopa.
3. saria: 60 euro.
Informazio gehiago:
943 360 321
NOAUA! K.E.-ren egoitza
