Urteko azken "goazen kalera", asteartean herri erdigunean barrena

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 24a

Urte honi dagokion astearteroko azken ibilaldi osasuntsua egingo dute azaroaren 25ean, oraingo honetan, Usurbilgo erdigunean barrena.

Aurtengoari dagokionean bereak egin du; "Goazen Kalera, Usurbil" dinamikari lotutako 2025eko azken ibilaldi osasuntsua egingo dute astearte honetan, hilaren 25ean. Oraingo hau, herri erdigunean barrena egingo da. Goizeko 10:30etan abiatuko da bertako frontoitik.

Usurbil herri zaintzailegoa bilakatzeko bidean, bere ekarpena egiten duen dinamika da honako hau. “Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan. Herritar orok parte har dezake, aurrez izena eman beharrik izan gabe.

Garraio zerbitzua
Dakizuenez, iaz berreskuratu zituzten paseo hauek zenbait berrikuntzekin; batetik, Usurbilgo herri eta auzo gehiagotan antolatzen hasi ziren, eragile gehiagorekin lankidetzan eta amaieran, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek sukaldaturiko hamaiketako ederra dastatzeko aukera zuten parte hartzaileek ibilaldiaren amaieran.

Berrikuntza horiei guztiei eutsiko die "Goazen Kalera, Usurbil" dinamikaren itzulerak, beste hobekuntza batekin, ordea, oraingoan. Izan ere, garraio zerbitzua eskaintzen da ibilaldiotara joan eta itzultzeko, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez.

Ordutegiak ohikoa izaten segitzen du; paseo osasuntsu hauek 10:30-12:00 artean egiten dira, tokian tokiko frontoitik abiatuta.

Bestalde, tarteka, ekintza bereziak egiten dituzte; Eguneko Arretatik nahiz Egurtzegitik igarotzen dira, bertako erabiltzaileekin egoteko.

"Goazen Kalera, Usurbil", ikastetxeek, jubilatu elkarteek nahiz Udalak lankidetzan sustaturiko ekimena duzue.

“Goazen kalera, Usurbil”
Egutegia: irailaren 30etik azaroaren 25era.
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:30-12:00.
Abiapuntua: tokian tokiko frontoia.

Azaroa
25: Usurbilgo erdigunean, Eguneko Arreta-Artzabaletik.