Ekintzaileei Kabiene Elkarlan Gunean urtebetez haien proiektuak garatzea ahalbidetzen dieten Usurbilgo Udalaren beka deialdia da Hasiz Hazi izenekoa. Urteroko dirulaguntza deialdi hau, gainerakoekin batera, iragan otsailaren 14an plazaratu zuen Udalak. Hortik aurrera, aurreko urteetan bezalaxe, bi epealdi finkatu zituen interesdunek eskabideak aurkez zitzaten. Lehenengo epealdia maiatzaren 31ra artekoa izan zen. Tarte hartan ez zen eskabiderik aurkeztu. Bigarren epealdia, irailaren 30era artekoa izan zen. Kasu horretan bai, eskaera bat jaso zuen Udalak.
Eskabide horri lotutako ebazpena da astelehen honetako, azaroaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez Usurbilgo Udalak plazaratu duena.
Urte hasieran eginiko dirulaguntza deialdi horren xehetasunak dituzue segidan:
Hasiz Hazi dirulaguntza deialdia
Xedea: 2025 urtean, jarduera proiektu bat duen ekintzaileari, Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunearen egonaldi eta erabilera diruz ordaintzeko. Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Dirulaguntzaren onuradunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari.
Lehentasunezko baldintzak: Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatua egotea, enpresa proiektu berri bat garatzen aritzea…
Partida: 4.500 euro.
Dirulaguntzaren zenbatekoa: gehienez 1.742,40 € urte osorako.
Dirulaguntzaren ordainketa: %80a dirulaguntzaren ebazpena jakinarazterakoan, gainerako %20a memoria eta agiriak aurkeztu ostean.
Eskabideetarako epealdia: irailak 30.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.