Abisu horian segiko dugu gaur ere

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 25a

Artxiboko irudia.

Astelehen eguerdiaz geroztik abisu horian gara prezipitazio iraunkorragatik. Hala segiko dugu astearte honetan, egun osoz.

Gogotik aritu du euria atzotik eta hala segi dezake, astearte honetan, azaroaren 25ean ere. Astelehen eguerdiaz geroztik abisu horian gara prezipitazio iraunkorragatik eta gaur ere hala segiko dugu egun osoan zehar. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "Gipuzkoako zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki ekialdean. Zaparrada ertainak egingo ditu, Kantauri isurialdean oso ugariak, bereziki ekialdean. Kantauri isurialdean zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake eta goizean baliteke zenbait tokitan handiak izatea".

Giro honekin, astearte honetan, azaroaren 25ean Usurbilen, "trumoi-ekaitza izan daiteke eta txingorra egin dezake. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, batez ere goizean. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".

Asteazkenean azken orduan atertzera egingo du. Hilaren 26an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du; eguna aurrera joan ahala ostarteak zabalduko dira. Goizaldean eta goizean goiz ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; gauean hego-mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Ostegunean, hilaren 27an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du noizbehinka. Egunaren hasieran hego-haizea ibiliko da, goizetik aurrera mendebaldekoa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira.

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue. Atari horretatik jasoa da ondoko grafikoa. Atzo eguerdiaz geroztik aipatu meteorologia agentziak Usurbil ondoan, Lasarten duen estazioan bildutako datuak ageri dira bertan; erregistraturiko prezipitazio kopurua barra urdinen bidez. Grafikoa zeharkaturiko marra berdeak Oriaren ur-emariaren maila adierazten du: