Mende laurdena daramate hartuemanak estutzen, 26. urtea dute aurtengoa. Elkartasuna dute zubi, auzolana lanabes. Aginagar eta usurbildar talde bat asteburuan Zuberoako Urdiñarben izan da. Bertan, urtero garai honetan egin ohi duten Seaskako integrazio batzordearen aldeko elkartasun otordua prestatzen laguntzen aritu dira.
"Aurten, bertakoek Urdiñarbetik barrena bisitatxo bat antolatu zuten, Urdiñarbe eta bere historia hobeto ezagutzeko", eman digu aditzera herritar talde honek. Gainerakoan, elkartasun afariari dagokionean, "ohiko moduan, giro ederra eta aurten gazteak erreleboa hartzeko gogoz eta fundamentuz, lanean gogotsu" aritu direla gaineratu digute.
Zuberoako ikastolen aldeko otarrak
Bertako bi ikastolak laguntzeko urtero Zuberoan ekoitzitako produktu ederrez hornituriko saskiak eskatzeko epealdia azaroaren 21ean amaitu zen. Ordura arte, eskabidean telematikoki ikaskoli.eus bidez nahiz NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan egin dituzuenontzat oharra segidan.
Zuberoako ikastolen aldeko otarrok abenduaren 14ko NOAUA! K.E.-ren San Tomas azokan banatuko ditu Nafartarrak taldeak jarritako postuan. Bestela, gerora, NOAUA! K.E.-ren egoitzan jaso ahalko dituzue.

