Cortaderia selloana, panpa-lezka edo lumero izenez ezagunagoa. Anerreka Ingurumen Elkarteak aditzera eman digunez, "Gipuzkoan hedatu den panpa-lezka guztiaren % 80, Usurbil eta Irun arteko eremuan kontzentratzen da. Landare honek arrisku handiak ditu, biodibertsitaterako eta giza osasunerako".
Ekosistema ugaritara egokitzeko duen gaitasun handiari esker, "beste espezie batzuk lekuz aldatzera edo zuzenean desagerraraztera iritsi daiteke, hau da, habitat jakin batzuk guztiz eraldatzeko gaitasuna du". Adibidez, beste espezie batzuen biziraupenerako eguzkia behar duten inguruneetan itzalak sortzen ditu.
Panpa-lezka muturreko baldintzetan bizirauteko gai da. "Biodibertsitatearen ikuspegitik, bazterreko habitatetan sortzen da, adibidez, lur abandonatu edo degradatu batean. Bere luma handi batetik ehun mila hazi atera ditzake, haizeak oso erraz zabaltzen ditu, eta ez dago jakiterik noraino iritsi daitekeen. Honek ugaltzeko duen gaitasun ikaragarriaz hitz egiten du", Anerrekak aditzera eman duenez. "Gainera, pertsonen osasunean ere eragina izan dezake, alergiak sortzen dituelako. Azkenik, suteak azkar zabal ditzakeen espezie sukoia da".
Foru Aldundiaren laguntzarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina berezia jarri du martxan, Usurbildik Irunerako eremuan panpa-lezka landarearen garbiketa eta kontrola egiteko. "Horregatik, Anerreka elkartetik harremanetan jarri gara Aldundiko landareak babesteko zerbitzuekin, eta prestakuntza praktiko hau antolatu dugu".
Helburuak
Formazio tailerrak helburu hauek ditu:
• Landare inbaditzaile honen problematikari buruz informatu eta sentsibilizatu usurbildarrak.
• Lokalizatzen laguntzea.
• Ahal den neurrian, landarea mozteko eta desagerrarazteko ekintza zuzenak egitea.
Anerrekaren ustez, "edozein herritarrek, batez ere lursail bat dutenek, parte har dezake prestakuntza horretan".
Formazio praktikoa Usurbilen
• Non: Ugartondoko konpostagunearen ondoan.
• Noiz: azaroaren 29an larunbata, 10:00etan.
• Herritar guztiei zuzendua.
• Parte hartu nahi dutenek telefono honetara deitu dezatela: 646 449 358.
• Antolatzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.
• Laguntzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.
• Oharra: hostoak zorrotzak dituenez, gomendagarria da eskularruak ekartzea.