Udarregiko langileen itxialdia asteazkenean, lan-hitzarmeneko konpromisoak betearazteko

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 25a

Argazkia: LAB.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainerako ikastolekin bat egin dute Udarregiko langileek ere. Lan-hitzarmenean jasotako konpromisoak bete ditzala exijitzeko itxialdia egingo dute asteazken honetan, azaroaren 26an. Hainbat ekimen antolatu dituzte biharko.

Dagokiena lortu arte borrokatzen jarraitzeko asmoa agertu dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako ikastoletako langileekin bat egin dute Udarregikoek ere eta itxialdia egingo dute asteazken honetan, azaroaren 26an. Itxialdia bete gabeko lan-hitzarmenaren aldekoa izango da, Udarregitik NOAUA!ra igorri duten oharraren bidez jakinarazi duten moduan, "Hezkuntza Sailari 2023ko Akordio Laboralean jaso ziren konpromisoak bete ditzan exijitzeko, adostua zegoen moduan, "Hezkuntza Sailak langile guztientzat soldaten parekatzea eta lan baldintzen homologazioaren azterketa egin dezan eskatzeko".

Akordioa ez da bete eta ikastolako langileek gogorarazi moduan, horrek eragina du haien lan-baldintzetan, eta, ondorioz, eskaintzen duten zerbitzuan. Konpromiso horiek bete beharrak dituela gogorarazi diete langileok Hezkuntza Sailari. Betetzen ez diren artean, ohartarazi dutenez, "borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak dagokiguna eman arte!".

Bide horretan, asteazken honetarako, azaroaren 26rako itxialdia egingo dutela iragarri dute eta itxialdi horren bueltan hainbat ekimen antolatu dituzte. Segidan dituzue, Udarregitik helarazitako egitarauan. Horrekin batera, horren ostean duzue, ikastolako langileek NOAUA!ra igorritako adierazpena.

Azaroak 26, asteazkena
16:30 Pankartak zintzilikatu leihoetatik.
Jarraian, patiora jaitsi eta gurasoei eskuorriak banatu.
18:00 Kotxe-karabana herrian zehar.
Bukatzean, argazkia.
21:00 Afaria.
22:00 Yoga eta Mindfullness tailerrak, zineforuma…
07:15 Gosaria.

Udarregi ikastolako langileon itxialdia
Ikastolako langileok, bihar, azaroak 26, ITXIALDIA egingo dugu Hezkuntza Sailari 2023ko Akordio Laboralean jaso ziren konpromisoak bete ditzan exijitzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastola guztietan burutuko ditugu itxialdiak, Hezkuntza Sailak langile guztientzat soldaten parekatzea eta lan baldintzen homologazioaren azterketa egin dezan eskatzeko, adostu zuen bezala.

Akordioa ez betetzeak eragin zuzena du langileen lan-baldintzetan, izan ere Hezkuntza Saila izkin egiten ari zaio langile batzuen soldatak parekatzeari, sinatutako akordioan parekatzea langile guztientzat izango zela adostu arren.

Akordio Laboralak jaso zuen lan baldintzen homologazioaren azterketa gauzatu behar da lehenbailehen. Herri honek behar duen Hezkuntza Sistemaren eraikuntzan jarraitu nahi dugu, eta ikasle guztiei, eskubidez dagokien hezkuntza duina eskaini. Hori, langileen lan baldintzekin lotuta dago ezinbestean.

Hezkuntza Sailak, Akordio Laboralean hartutako konpromisoak bete behar ditu. Ikastoletako langileok borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak dagokiguna eman arte!

Ez dugu borrokan etsiko, oraingoan itxialdian eta aurrerantzean ere beste ekintza batzuk burutuz.

Jo eta ke dagokiguna lortu arte!