Igandeak

Erredakzioa 2025eko abenduaren 3a

Aldakako operazioa zela eta, ia hamar bat hilabete baneramatzan zinera joan gabe. Duela egun batzuk ekin nion zinemara joateari eta Donostiako festibaleko bi pelikula ikusi nituen: “Maspalomas” eta “Los domingos”.

Joxe Ramon Soroiz da “Maspalomas”eko protagonista eta interprete onena bezala saritua izan da festibalean. Santo Tomas Lizeoan lankide izan nuen. Al Pacinok ere ez zuen hobeto jokatuko rol zail hori. Bejondeiala, adiskide! Baina gaur, pelikula onena bezala saritua izan zen “Los domingos”en gainean mintzatzera natorkizue.

Kritikaren, ikusleen eta epaimahaiaren iritziak ez dira beti bat etortzen, baina horrelaxe gertatu da aurtengo zinema jaialdian: Alauda Ruiz de Azuaren “Los domingos” zen faboritoena eta berari eman diote Urrezko Maskorra. Hau da filmaren trama: Ainara bilbotarrak (Blanca Soroa) 17 urte ditu eta ikastetxe erlijioso batean ikasketaz egiteaz aparte, egonaldiak ere egiten ditu bere lagunekin batera mojen komentu batean. Eskolako koruan ere kantatzen du eta han parte hartzen duten mutil eta neskekin ateratzen da festara, bere adineko edozein neskato bezala. Eta egun batez hor esaten die klausurako moja izan nahi duela. Albiste horrek ustekabean harrapatzen ditu bere aita (Miguel Garces) eta batez ere izeba Maite (Patricia Lopez Arnaiz) eta berri horri aurre egiten saiatuko dira: aita nolabait erabaki erradikal hori konprenitzen ahaleginduko da eta izeba, berriz, guztiz aurka jarriko da: bere ateismoak eraginda, “moja zahar horiek engainatu eta manipulatu egin zaituzte”, esaten dio Ainarari bero aldi batean. Baina azkenean, moja sartzen da.

Ruiz de Azuak azaldu duenez, pertsonaia guztiak eta haien ikuspuntuak konprenitzen saiatzea izan da helburua, “manikeismoetan erori gabe”. Ikus entzuleengan konfiantza osoa jarri du eta galderak botatzen ditu, ikusleak berak “bere ondorioak atera ditzan”. Bera saiatzen da ulertzen, baina ez dauka erantzunik eta horregatik egiten ditu galderak. Zuzendariak dioenez, Maite pertsonaiarengandik oso gertu sentitzen da (ez da sinesteduna), baina saiatu omen da pertsonaia guztiak zalantzan jartzen, “guztiak baitituzte argi-ilunak”.

Norbaitek galdetu zion ea zer izan zen proiektuaren abiapuntua eta azaldu zuenez, bera adoleszentea zenean bere adineko lagun batek ere sentitu omen zuen erlijioso izateko bokazioa eta hori “oso erradikala” iruditu omen zitzaion. Bokazio erlijiosoa dutenen mundu hori ezagutzeko helburuz, ikerketa lan bat egin omen du, ahalik eta “zuzenena izateko asmoz”. Eta gaineratu zuen, filmak elkarrizketa eta eztabaida bultzatu nahi zituela. Nire uste apalean, guztiz asmatu du pelikula honekin.

"Modu ederrean eta guztizko errespetuz azaltzen du moja izateko bokazioaren sorrera, karikaturarik gabe"

Luze honetan dena gustatu zait: interpretazioa, zenbaterainoko errespetuaz tratua izan den gai hain delikatua eta zuzendariaren ausardia. Baina, 12 urtez geroztik musika munduan nabilenez, filma honetan entzuten dudan musikak bereziki hunkitu nau: hasi Mozarten “Ave verum corpus”etik (makina bat koro akonpainatu dut abesti hori kantatzen, bai pianoan eta bai organoan), jarrai Quevedoren “Quedate”rekin eta nola ez Nick Caveren “IntoMy Armas” . Bi azken abesti hauek ez nituen ezagutzen eta aitortu behar dut bien letrak apartak direla: “Quedate”k dioena: “gera zaitez, zu gabeko gauek min ematen didate eta”; eta “Into My Arms”ena: “ez dut aingeruen existentzian sinesten, baina zuri begiratzen dizudanean, neure buruari galdetzen diot ea hori egia ote den”. Eta beste dozena erdi bat abesti zein baino zein ederragoak. Pieza horien konponketak Manu Errejonek (Alberto Iglesias konpositore donostiar ospetsuaren laguntzailea) eginak dira.

Pelikula hau gure kontestu kulturalean egina dago eta denok dakigu zein sekularizatua dagoen. Halere, modu ederrean eta guztizko errespetuz azaltzen du moja izateko bokazioaren sorrera, karikaturarik gabe. Naturaltasun osoz azaltzen ditu apaiza eta mojak ere, inoiz barregarri utzi gabe.