Indarkeria Matxisten Aurkako Eguneko adierazpena
Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista
Heldu da berriz ere azaroaren 25a, eta horrekin batera, indarkeria matxistaren aurka kalera ateratzekoa, enegarrenez. Gaurkoan, iazko azaroaren 25etik gaur arte eraildako sei emakumeak* gogoratzen hasi nahi dugu irakurketa hau; indarkeria matxistaren aurpegi lazgarrienaren eta bortitzenaren biktimak izan diren horiek ekarri nahi ditugu gogora. Euskal Herriko Mugimendu Feministatik maitasun osoz gogoratzen zaituztegu, ez zaituztegu bakarrik utziko. Besarkada bana senide eta lagunei ere.
Bestetik, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik, urrian eta beste hainbat mobilizazioetan egin bezala, Palestinari gure elkartasun eta babesa adierazi nahi digu, eta besarkada bat bidali palestinar herriari eta bertako feministei. Era berean, gobernuek Israelekin dituzten harremanak eteteko exijitzen dugu eta Israeli boikot egiteko deia egiten dugu. Aurrera Palestina! Besarkada bana ere munduko beste hainbat herrialdeetan borrokan ari zareten feministei; Sahara, Sudan...
Indarkeria matxista, ordea, beste hamaika formetan ikus dezakegu gure egunerokotasunean, eta aurtengoan horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatzera aterako gara kalera. Izan ere, emakume*, trans eta bollerok jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa. Sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialak askotariko egiturak eta mekanismoak ditu martxan gure gorputz eta lurraldeetan indarkeria betikotzeko eta, hala, sistema betikotzeko.
Ematen dugun urrats bakoitzaren aurrean, oldarraldi berri bat jartzen da martxan, testuinguruaren arabera artikulatzen eta egituratzen dena. Egun, eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik oldarraldi betean aurkitzen gara. Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan; feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, mezu arrazistak, eta beste. Are gehiago, azkenaldian, Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean ere, boikoteatuak eta gutxietsiak izan gara, gure aldarriak eta ekintzak deslegitimizatu dituztelarik. Eta hori egiten dutenak, inguruan ditugun gizonak izan dira, haien konplizitate eta anaidia egiturak lagun. Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira.
Era berean, aipaturiko konplizitateen eta anaitasun sareak paktu patriarkalak dira. Konplizitate eta isiltasun sareak dira. Horietan gizonezkoek eta indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politiko gisa identifikatzen ez duten beste erakundeek parte hartzen dute; horien artean, sistema judizialak, etengabe babesgabetzen gaituena. Horrek zuzenean eragiten du kalean bizi dugun ofentsiban eta geroz eta inpunitate handiagoz zabaltzen diren diskurtso faxistetan, feminismoari legitimitatea kentzeko aliantza perfektua delako.
Bestalde, gaur salatu nahi dugu askok feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako diskurtsoa baliatzen dutela beste gorroto mezuak zabaltzeko, arrazakeria adibidez. Argi dugu mugimendu feministaren borrokak antiarrazista izan behar duela eta adierazi nahi dugu arrazakeria hedatu nahi dutenen aurrean antolatuak egongo garela. Sistema arrazista eta kolonialista betikotzen duten egiturak salatzen jarraituko dugu eta atzerritarren legea bezalako legeak ezabatzea eskatuko dugu.
Eta legearekin jarraituz, gaurkoan, Gasteizen bertan izango den beste epaiketa bat ekarri nahi dugu gogora. Izan ere, lehen aldiz, abortuaren aurka abortatzeko kliniken parean jartzen diren talde ultrakatolikoen aurkako epaiketa bat hasi da. Abortuaren debekua historikoki emakumeon* gorputzen gaineko kontrola ezartzeko mekanismoa izan da, eta indarkeria matxistaren adibide bat gehiago. Urteetan aldarrikatu bezala, gure gorputza gure erabakia da! eta abortu libre, doako eta publiko baten alde borrokan jarraituko dugu.
Azkenik, aipaturiko guztiaren aurrean, erresistentzia feministarako deia egiten dugu. Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen; kaleetan, etxeetan, lantokietan, jai guneetan... Erantzun diezaiogun indarkeria sostengatzen duten haien konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare feministekin.
Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista.
Gora borroka feminista!