Asteazken honetan, azaroaren 26an, banatuko dituzte 37. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak iluntzeko 19:00etan Andoaingo Bastero Kulturgunean. "Edizio honek keinu berezia egingo dio Gabriel Aresti poetari, jaio zela 100 urte bete baitira. Finalisten eta irabazleen presentziaz gain, musikaz eta ikus-entzunezkoez gozatuko dugu", aurreratu dute antolatzaileek.
Bederatzi sari banatuko dituzte guztira, zortzi adituez osaturiko epaimahaiak. Izan ere, Marta Lasa Goñi Andoaingo udal zinegotziak, Pantxika Maitia kazetariak, Eneko Bidegain Aire idazleak, Itxaro Borda idazleak, Miren Berasategi Zeberio irakasleak, Angel Erro Jimenez idazle eta itzultzaileak, Libe Mimenza Castillo kazetariak eta Arantxa Aguado Perugorria Andoaingo udaletxeko euskara teknikariak osaturiko taldeak erabaki ditu sariok.
Komunikazio eta kazetaritza sariak
Aipatu moduan, bederatzi dira guztira. Aurtengoan, Komunikazio Saria jasoko dute Ipar Euskal Herriko on.eus atariak, GUKA Euskaltzaleen Mugimenduaren "Erdalduntze makina" kanpainak eta Ulu media ekoiztetxearen Ulua hedabide digitalak. Kazetaritza saria jasoko dute, aldiz, Boiseko jaialdiaz eginiko jarraipen estuagatik Berria egunkariko kazetari Nagore Arinek, Baleuko ekoiztetxeak Euskal Telebistarentzat ekoitzitako "Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea" saioagatik, Argia hedabideko Jenofa Berhokoirigoien garaztar kazetariak artzaintzaz eginiko erreportaje multi-ahostunagatik eta Goiena Komunikazio Taldea "Datuetatik tiraka" saioagatik.
Horiez gain, badira bi sari Usurbilen bertan jasoko dituztenak. Batetik, komunikazio saria jasoko du Elhuyarrek osasun mentala hizpide duen "Zurrunbilo" izeneko proiektuagatik. "Gazteen osasun mentala erdigunean jartzen duen proiektu berritzaile eta partehartzailea da. Bere helburuak garbiak dira: entzute aktibo batetik gizartearen begirada eraldatzea eta gazteen osasun mentalaren krisiari konponbideak aurkitzea".
Egitasmo horretan, "antsietatea eta depresioa, anorexia, joko eta droga mendekotasuna edota suizidio saiakera bezalako gaixotasun mentalekin izandako bizipen gordinak eta hunkigarriak partekatzen dituzte nerabeek, zientzian aditu anitzen bidelagun dituztela. Krisialdi sozial honi ikusgarritasuna ematearekin batera, estigmen apurketa, enpatiaren sustapena, prebentzioa eta laguntza-bilaketa aktibatzea lortzen da".
Ohorezko mugarria Jakoba Errekondorentzat
Azkenik, lerroburuan aipatu moduan, Rikardo Arregi kazetaritza eta komunikazio sarien ohorezko mugarria Jakoba Errekondo Saltsamendi usurbildarrak jasoko du. Epaimahaiak nabarmendu duenez, agronomo eta paisaia antolatzaile herrikideak "hondar urteotan baratza ezarri du gure bizitzen erdigunean, izan hirian, izan baserri guneetan".
Egun, "laborantzan ari da Aginagako bidean dagoen bere Aranburu izeneko baserrian. Euskadi Irratian hasi zen baratza aipatzen, Argia astekarian gero, hor duela bere baratze-zain artea gehien garatu. Elhuyar aldizkarian ere kolaboratzen du". Horrez gain, gogora ekarri ditu epaimahaiak Errekondok plazaraturiko argitalpenak; "hala nola, Olariaga marrazkilariarekin egin duen baratze egileen agenda, Bizi baratza izeneko liburuak, eta azken hilabeteotan, Argiarekin batera datorkigun lau orrialde plegatuekiko berri-papera. Besteak beste. Irakurle eta zaleengana heltzeko baliabide garaikideak erabiltzen ditu, zuzeneko topaketak EH honen zazpi izkinetan, bai eta sare sozialak, podcastak, Youtube edo Instagram hariak adibidez".
Epaimahaiak gogora ekarri duenez, "Jakoba Errekondorentzat baratza da gelditzen zaigun “iraultza-toki” bakarra. Beharbada arrazoia du, Voltaire minberak zioenaren bidetik :“Norberak bere baratza landu behar du”.