Ate joka dugu abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Bizi dugun larrialdi linguistikoa plazaratuko duen hitzordu horren harira, hainbat ekimen antolatu dira egunotarako Usurbilen. Hasteko, lehenengoa, asteazken honetarako, azaroaren 26rako. Udalbatza osoko bilkuran elkartuko da eta mintzagaien artean hain zuzen, Euskararen Egunari begirako udal adierazpena izango dute. 18:00etan hasiko den saioan bozkatuko dute.
Horrez gain, egunotan ere hitzordu gehiago izango dira. Bada hain zuzen, azken orduotan aurrez antolatuak zeuden ekimenei batu zaion ekintza berri bat; Euskararen Egunerako hain zuzen. Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Euskal Kantu Taldea elkartuko ditu, musikaz eta kantuz girotuko duten hitzorduak.
Bi eragileok lehenago izango dute bestelako hitzordurik halere; Zumartek ostegun honetan, azaroaren 27an, Musikalean ekimena ospatuko du Musikarien Egunaren harira; 18:00etan kalejira eta 19:00etan kontzertua programatu ditu Sutegin. Kantu Taldekoak hileroko azken larunbatetako kantu-jiran plazaratuko dira hilaren 29an. Kantuari eskainitako eguna izango da hori, segidan, kantu-bazkaria antolatu baitu Santuenea Kultur Elkarteak Aialde-Berri sagardotegian. Txartelak agortuak daude.
Larunbat arratsaldean, gaztetxoenen txanda. NOAUA! Kultur Elkartearen eta Usurbilgo Udalaren eskutik, "Zerua lapurtu dute" Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren emanaldia eskainiko da Oiardo kiroldegian. Eta eguna borobiltzeko, denetariko tokiko nahiz Euskal Herriko sortzaileak batuko dituen bosgarren Euskararen Gala Aginagako Eliza Zaharra elkargunean.
Biharamunean, azkenaldiko euskarazko film berrienekin ("Jone, batzuetan" eta "Karmele) NOAUA! Kultur Elkarteak osaturiko zikloa borobiltzeko Paul Urkijoren "Gaua" proiektatuko du Sutegin.
Abenduko lehen astean izango du segida ziklo horrek hilaren 3an egingo diren ekimenekin. Borobiltzeko, biharamunean, hilaren 4an, Yolanda Arrietak NOAUA! K.E.-rentzat prestaturiko "Pox, Mox eta Trumoi, ederra kasketa!" liburua aurkeztuko du Sutegi udal liburutegian.
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira...
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Udalbatzaren osoko bilkura: Euskararen Nazioarteko Egunari begirako adierazpenaren bozketa.
Azaroak 29, larunbata
12:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik. Ez ahaztu kantu-liburuxka.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
14:00 Kantu bazkaria Santueneako Aialde-Berri sagardotegian.
Sarrerak agortuak.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.
17:00 "Zerua lapurtu dute" Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren emanaldia Oiardo kiroldegian.
Sarrerak: 8 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.
22:00 5. Euskararen Gala Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.
Parte hartzaileak: Agus Barandiaran (Korrontzi), Jon Maia, Petti, Xabin Fernandez, Eider Arsuaga, Asier Kidam, Esti Curiel, Mikel Bermejo, Ilargi, Unai Gaztelumendi, fotokola, aurkezleak, Dj Totoro...
Sarrera: 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman edo Arrate ostatuan.
Antolatzailea: Aginaga Eliza Zaharra Elkargunea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
Azaroak 30, igandea
18:00 "Gaua" filmaren proiekzioa Sutegin.
Sarrerak: aurrez 6 eurotan usurbilkultura.eus plataforman eskuragarri. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 4 eurotan erosi ahalko dituzue kultur elkartearen egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.
Abenduak 1, astelehena
Mikel Laboa gogoan, bera hil zenetik hamazazpi urte beteko diren egunean. Bere musika entzungai Mikel Laboa plazan.
Abenduak 3, asteazkena
Euskararen Nazioarteko Eguna
18:00 Kantuz eta musikaz giroturiko ekitaldia frontoian.
Antolatzaileak: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea eta Zumarte Musika Eskola.
Abenduak 4, osteguna
18:00 Yolanda Arrietak NOAUA! K.E.-rentzat prestaturiko "Pox, Mox eta Trumoi, ederra kasketa!" liburu aurkezpena Sutegi udal liburutegian.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.