Emankorra izan ohi da Hurbilago elkartearentzat urte amaiera eta oraingo hau ere ez da salbuespenezkoa izango. Zenbait kanpaina abian ditu aipatu herriko merkatarien bilguneak. Batetik, poltsa isotermiko berrerabilgarriak eskuratu ahal ditzakezue Usurbilgo saltokietan erosteko, 30 eurotik gorako erosketak herrian bertan egitearen truke hain zuzen. "Mantendu zure produktuak beti fresko eta gozatu bertako kalitateaz", egin du gonbita Hurbilago elkarteak. Guztira, mila poltsa berrerabilgarri jarri dituzte guztion eskura.
Bestalde, bonboien kanpaina ere abiarazi du berriz. Herriko saltokietan erosketak egitearen truke bonboi bat oparituko zaigu. Adi, jaki gozo horri. Guztiok dastatzeko moduan jarriko dituzten 10.000 bonboien artean, bost urrezkoak izango dira. Urre kolorekoa egokitzen zaionari, 100 euroko erosketa balea jasoko du herriko saltokietan xahutu ahalko duena.
Aterkiak
Bizitzen ari garen urte garai honetako ohiko egun euritsuentzat ere ekarpena egiten ari da Hurbilago Elkarteak. Izan ere, "aterki gorri-gorriak jarri ditugu bezeroen eskura Hurbilagoko establezimenduetan. Behar duenak, hartu, erabili eta bueltatu!" ditzala galdegin dute.
Albiste honi atxikitako irudietan dituzue aipatu kanpaina guztiak. Ekimenokin batera, gogoan izan, Udazkeneko Azoka ere antolatu du larunbaterako, hilaren 29rako aipatu Usurbilgo elkarteak. Bertan, besteak beste, 650 Usurbil Bizi otarra aurkeztuko dute.
Hurbilagoren deialdiak
Azaroak 29, larunbata: Hurbilagoren Udazkeneko Azoka
11:30-14:30 Azokako salmenta postuak: liburu eta diskoen azken nobedadeak, ipuinak, egutegiak, koadernoak, jostailuak, diseinu bereziko kamisetak, sudaderak, poltsak, motxilak, zeramika produktuak, bitxiak, akuarela laminak eta ilustrazioak, gazta, ogia eta bestelako kutixiak. Pultsera tailerra Ziortza Gazte Elkartearen eskutik.
13:30 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena. Otarra ikusgai azokan zehar.
Azokan zehar, gaztainak eta sagardoa doan (azokan erosketa eginda).
Azokako postuetan, herrikoak: Arenza, Azi, Dale kandela, Iñurri, Jox, Lizardi liburudenda, makaë, Mikel Zubelzu, Sleepy Mimosa, Xükâ Eskuz Egina, Ziortza Gazte Elkartea.
Kanpotik etorritako postuak: Agur.Handmade, Aldaxka eskuz egina, Amaetabiok, Bihurri, Ciabellaidoo, Crea, Esther Gonzalez, Haritxoa, Hemendik Hara, Lajtau Crafts, Mumi Handmade, Nahi Bitxiak, Ni Naiz, n.mone, Norte Jewellery, Osabi Naturala, Tai Day Studio, Urluma.
Abenduak 1-26
650 Usurbil Bizi Otarren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratzeko aukera, herriko saltokietan eginiko erosketen truke, sari moduan.
Abenduak 26 ostirala
Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean 650 Usurbi Bizi Otarren egitasmoko sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez.
Abenduak 27, larunbata
13:30 650 Usurbil Bizi Otarren banaketa ekitaldia Usurbilgo frontoian.
Abenduak 31, asteazkena
17:00 Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa frontoitik.


